Ekialdeko Timorko presidenteak ere uko egin dio dimisioa emateari, eta areagotu da krisia

Lehen ministroak dimisioa eman ezean berak emango zuela esan arren, agintean segituko du Gusmaok

Kristina Berasain Tristan.
2006ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Xanana Gusmao presidentearen eta Mari Alkatiri lehen ministroaren arteko botere lehiak krisi politikoa eragin du jada krisi sakona zuen herrialdean. Ekialdeko Timorko presidenteak ez duela dimisiorik emango adierazi zuen atzo, berari sostengua ematera joandako ehunka herritarren aurrean: «Presidente gisa, zuen anaia gisa, nire hitza beteko dut eta zuen eskaera hartuz nire eginkizunak beteko ditut». Ikur gorri, beltz eta horia eskuetan zituzten milaka herritar bildu ziren presidentearen egoitzan, Dilin. Mari Alkatiri dimisioa eman ezean berak emango zuela iragarri zuen herenegun presidenteak. Gusmaok, baina, atzera egin zuen atzo.

Ekialdeko Timorko presidentea independentziaren ikurra da eta herritar gehienen begirunea du. Bere egoitzaren aurrean atzo bildutako milaka herritarren aurrean lehen ministroarekin duen norgehiagoka irabazi egingo duela adierazi zuen. Fretilin alderdiko lehen ministroari estatu kolpea eman nahi izatea leporatu zion herenegun Gusmaok: «Demokrazia hil nahi du». Dimisioa emateko eskatu zion orduan, eta eman ezean berak dimitituko zuela ohartarazi zuen: «Gertatu diren gauza ezkor hauengatik guztiengatik dudan lotsagatik emango dut dimisioa».

Mari Alkatiri lehen ministroari dimisioa emateko eskatzen dioten ahotsak gero eta ugariagoak baldin badira ere, hark uko egin zion agintea uzteari: «Inondik inora, egoera zaila da eta azkar hartutako erabaki batek gehiago zaildu dezake egoera». Fretilin bere alderdiaren sostengua jaso ondoren ez duela «inondik inora» dimisiorik emango jakinarazi zuen lehen ministroak.

Gusmaoren arabera, alderdiaren azken kongresuan, bozak erosi zituen lehen ministroak berriz hautatua izateko. Bozketan botoen %97,1 jaso zituen. Akusazio hori «oso larritzat» jo zuen Alkatirik.

Dili hiriburuan protesta ugari egin dira azken asteotan lehen ministroaren dimisioa eskatzeko. Komunista eta terrorista izatea leporatzen diote. Indonesiak Ekialdeko Timor inbaditu zuenean (1975) erbestera joan zen Mari Alkatiri. Independentziari buruzko erreferendumerako itzuli zen uhartera. Behin agintean, herrialdearen izena aldatu zuen. Timor Lorosae izena kendu eta Ekialdeko Timor jarri zion. Mari Alkatiri lehen ministroak jatorri arabiarra du.



EKIALDEA ETA MENDEBALDEA. Borrokak martxoaren amaieran piztu ziren. Armadako 1.400 militarretatik 591 bota zituen Gobernuak. Lan baldintzak hobetzeko greba egiten ari ziren. Armadatik botatako soldaduak, antza denez, mendebaldekoak dira, eta buruzagi militarrak, berriz, ekialdekoak. Lorosae etniakoak bizi dira ekialdean, eta loromonoak mendebaldean, eta azken horiek bereizkeria salatzen dute.

Gerra zibila pizteko arriskua gero eta handiagoa da. NBE Nazio Batuen Erakundeko Kofi Annan idazkari nagusiak herrialdean gertatu dena «etsigarria» dela adierazi zuen. Independentzia eskuratu zuela lau urte pasatu berri dira, eta krisia, politikoa eta ekonomikoa, larria da. Nazioarteko tropak duela urtebete erretiratu ziren eta berriro joan behar izan dute uhartera. Munduko Elikagaien Programak atzo ohartarazi zuenez, janari premian dira herrialdean dauden milaka desplazatuak. Herrialdean bizi diren 850.000 herritarretatik 150.000 euren etxeetatik ihes egin behar izan dute azken hilabeteotan. Giza laguntzan ari diren gobernuz kanpoko erakundeak kezkatuta daude krisi politikoak eragiten ahal dituen ondorioengatik.

Ekialdeko Timor munduko herrialde txiroenetako bat da. Eguneko dolar batekin bizi dira herritar asko. Analfabetismo tasa handia da eta baita langabezia eta umeen hiltze tasa.



KronoLOGIa



2002

Maiatza. Ekialdeko Timorko Errepublika Demokratikoa sortu zen. Hiru urte lehenago erreferenduma egin zuten. Independentistek bozen %78,5 eskuratu zituzten. Indonesiaren aldeko milizien erantzuna ikaragarria izan zen. Milaka pertsona hil ziren eta milioi erdi batek etxetik alde egin behar izan zuen.

Iraila. Nazio Batuen Erakundeko 191. kidea bilakatu zen.



2004

Maiatza. Unmiset Ekialdeko Timorrerako Nazio Batuen Erakundeko Misioa luzatu zuen Segurtasun Kontseiluak.



2005

Maiatza. NBEko kasko urdinak uhartetik erretiratu ziren.



2006

Martxoa. Armadak 591 soldadu kanporatu zituen. Baldintzak hobetzeko greba egiten ari ziren.

Apirila. Armadatik kanporatutako soldaduak matxinatu eta protestak egin zituzten Dilin. Bost hildako eta milaka desplazatu eragin zituzten protestak.

Maiatza. Mari Alkatiri lehen ministroak estatu kolpea eman nahi izatea leporatu zien matxinatutako soldaduei. Dilin borroka gehiago izan ziren. Nazioarteko tropak iritsi ziren. Polizia eta soldadu ohien arteko borroketan hildako gehiago izan ziren.

Ekaina. Mari Alkatiri lehen ministroari dimisioa emateko eskatu zion Xanana Gusmao presidenteak. Alkatirik ez duela dimisiorik emango esan zuen.





eTnIaK

Lorosaeak: Ekialdean daude. Papuar jatorrizko hizkuntzak hitz egiten dituzte. Gutxiengo diren arren, agintean eta negozioetan goi karguak dituzte. Xanana Gusmao presidentea lorosaea da. Ekialdeko Timorko independentziaren alde borrokan aritu ziren.

Loromonoak. Mendebaldean daude. Ekialdeko Timorrek dituen hamahiru eskualdetatik hamarretan dira nagusi (%55); hala ere, baztertuta daude. Australiar jatorrizko hizkuntzetan mintzatzen dira. Indonesiaren alde egin izana leporatzen diete loromonoei.





«Presidente gisa, zuen anaia gisa, zuen eskaerak aintzat hartu eta nire eginkizunak beteko ditut»

xanana gusmao
ekialdeko timorko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.