Bake akordioak sinatu izanak ez du lasaitasuna eraman Kolonbiara. Kolonbiako Herriaren Defentsa Bulegoaren arabera, iaz 118 ekintzaile hil zituzten, eta beste hemeretzi aurten; azkena, atzo bertan.
Fernando Quintero Mena Guasilesko Herri Ekintzako Elkarteko burua zen. Catatumbo eskualdean dago Guasiles, Venezuelako mugatik gertu, eta han bertan hil zuten Quintero ere, Convencion herrian, tiroz. Kolonbiako Giza Eskubideetarako NBEko Ordezkari bereziaren bulegoak eman zuen hilketaren berri, eta hura argitzeko eskatu zien agintariei. Horrez gain, Catatumboko bizi baldintzak eta segurtasuna hobetzeko neurriak hartzeko ere eskatu zuten bulegotik.
Quinterorena ez da izan azken orduetako hilketa bakarra. FARC alderdiak salatu duenez, Jhon Fredy Vargas gerrillari ohia hil zuten larunbatean, hegoaldeko Huila departamentuan. Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean, alderdiak Ivan Duque presidenteari esan dio bakea «benetako ekintzak» direla.
Denunciamos el asesinato del firmante de la paz Jhon Fredy Vargas, la paz son hechos reales señor @IvanDuquehttps://t.co/nB90BnPPXJ
— FARC (@PartidoFARC) January 26, 2020
NBEko Egiaztatze Batzordearen arabera, FARCeko gerrillari ohientzat iazkoa izan zen urterik «okerrena» bake akordioaz geroztik; izan ere, 77 gerrillari ohi hil zituzten.