Inguxetiako Barne Ministerioko egoitza batean zartatu zuen bonba-autoa ekintzaileak; sarrerako atetzarra autoarekin eraitsi eta behin patioaren barruan zela. Poliziak ziren hildako guztiak. Hogei lagun hil ziren orotara, baina zauritutako lagunak gehiago dira, dozenaka, eta horien artean 11 haur daude. Hainbat informazio iturriren arabera, ehun ere izan daitezke zauritutakoak, eta larri daude horietako asko.
Hiru eguneko dolua
Gazel ereduko furgoneta bat leherrarazi zuen ekintzaileak. Kaloi Akhilgov Inguxetiako Gobernuko bozeramailearen arabera, autoaren barruan 500 kilogramo eta tona bat trinitrotolueno artean zeramatzan ekintzaileak, eta leherketak lau metro diametroko eta bi metro sakoneko zuloa eragin zuen lurrean. Inguruko eraikinetako kristalak ere zartarazi zituen leherketak, eta sua piztu zen ondoren erakin horietako batzuetan. Inguruan aparkatuta zeuden autoak ere, 30 bat, erabat hondatuta gelditu ziren. Atentatua izan zen lekutik 50 metrora ustez ekintzailearena zen burua aurkitu zutela jakinarazi zuen Poliziak. Rashid Gaisanov lehen ministroak hiru eguneko dolua ezarri du Inguxetian.
Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak atentatuaren erantzukizuna «terroristena» izan dela adierazi bazuen ere, segurtasun indarren lan okerraren ondorio ere izan dela salatu zuen. Ruslan Meiriev Inguxetiako Barne ministroa kargugabetu du ildo horretan atentatua saihets zitekeela argudiatuz: «Egoera onartezina da; poliziak herritarrak babesteko daude, baina baita euren burua babesteko». Mikhail Grixankov Errusiako Legebiltzarreko presidenteordeak, berriz, errepublika horretan segurtasuna areagotze aldera neurri bereziak hartuko direla jakinarazi zuen, betiere «terrorismoaren aurkako operazioa» indarrean jarriko dela ukatuz.
Errusiak apirilean eman zuen amaitutzat «terrorismoaren aurkako operazioa» Txetxenian; eta, orduz geroztik, indarkeria areagotu egin da Inguxetian -beste errepubliketan ere bai-. Vladimir Putin presidenteak hamar urte lehenago abiarazi zuen operazio hura gerrillari independentistei aurre egiteko, baina, agerian denez, operazio horrek ez du bakea ekarri. Txetxeniako mugak zeharkatu eta inguruko errepublikak erasotzeari ekin diote ekintzaileek. Hainbat informazio iturriren arabera, inguruan, gerrilla islamista bat eratzeko bidean dira ekintzaile independentistak.
Atentatuez gain, baina, hilketak ere ugaritzen ari dira errepublika horietan, tartean, giza eskubideen alorrean lanean ari diren ekintzaileena. Inguxetian, ildo horretan, gerra zibilaren parean direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Natalia Estemirova Txetxeniako kazetariaren gorpua uztailaren 15ean agertu zen tirokatuta Inguxetian. Eta iragan astean, berriz, beste bi ekintzaileren gorpuak aurkitu zituzten Txetxenian; Zarema Saidulaieva eta Alik Zhabrailov senar-emazteak ziren, gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak.
Txetxenian hildakoak
Inguxetiako erasoaren berri izan eta gutxira, Txetxeniako Pervomaiskoie herrian familia errusiar bateko bost kide hilda topatu zituztela jakinarazi zuen Kaukasoko iparraldera bidalitako tropen buruak. Kolesnikov familiako bost kideak, bi gizonezko eta hiru emakumezko, tirokatuta hil zituztela azaldu zuen.
Ramzan Kadirov Txetxeniako presidenteak «hilketa ankertzat» jo zuen. «Hilketa honen egileak aurkitu behar ditugu eta, legea eskuan, zigortu. Zerbitzu sekretuak eta segurtasun indarrak mobilizatuko ditugu horretarako».
Kaukason azkenaldian izaten ari diren atentatuak eta hilketek eremua ezegonkortzea asmo dutela salatu zuen joan den astean Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak. Mikhail Grixankov bat etorri da iritzi horrekin: «Atentatu hauek agerian utzi dute Kaukaso ezegonkortzeko interesa duten indar nahikoa duten taldeak daudela». Ruslan Amirkhanov Eraikuntza ministroa iragan astean hil zuten haren bulegoan, eta ekainean presidentearen kontrako atentatua izan zen. Junus-bek Ievkurov onik atera zen. Dagestanen ere atentatu bat izan zen aurreko astean.