Ekintzaile suizida batek 20 lagun hil ditu Pakistango azoka batean

Bajaurko tribu eremuan izan da erasoa, polizia kontrol batean, eta talibanek beren gain hartu dute

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gutxienez 20 lagun hil dira, eta berrogeitaka zauritu, ekintzaile suizida batek bere burua zartarazi duelarik Pakistango Bajaur tribu eremuko azoka batean. Khar hiriko azokan Poliziak jarritako errepide kontrol batean egin du erasoa ekintzaile suizidak, eta hilen artean gutxienez segurtasun indarretako bost kide daudela jakinarazi dute barrutiko administrazio iturriek, tartean Poliziaren goi kargudun bat ere bai.

Afganistango mugan dago Bajaur, eta federalki administratutako Pakistango zazpi tribu eremuetako bat da. Talibanen indarguneetako bat da, eta Pakistango segurtasun indarren kontrako erasoak ohikoak dira han. Armadak gogor egin izan die Bajaurren talibanei eta Al-Qaedari, eta, duela hiru urteko operazio militar handi baten ostean, ekintzaile talibanak eskualdetik kanporatzea lortu zutela ere esan zuten.

Atzo goizeko zortzietan egin zuen polizia kontrolaren aurkako erasoa ekintzaile suizidak. Oinez iritsi zen Khar hiriko azokaren sarreran jarritako errepide kontrolera, eta soinean zituen lehergailuak zartarazi zituen, polizia iturriek jakinarazi dutenez. Erasoan gutxienez 20 lagun hil dira, eta berrogeitaka zauritu, Khar hiriko sendagile Mohammed Aafifek baieztatu duenez.

Segurtasun indarrek etxeratze agindua ezarri dute Kharren, eta eraso gunea itxi egin dute.

Pakistango talibanen erasoa

TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan taldeak bere gain hartu du Bajaur eskualdeko erasoa. «Gaur gure helburua bete dugulako oso pozik gaude», adierazi du TTPko eledun Ehsanula Ehsanek.

Pakistango Talibanen Mugimenduaren erasoa, Afganistango talibanek udaberriko kanpaina hasi berritan gertatu da. Duela hiru aste iragarri zuten urteroko eraso oldea talibanek, eta Kabul hiriburuan NATOren egoitza, atzerriko hainbat enbaxada eta parlamentua izan zituzten jomuga. Hamid Karzai Afganistango presidenteak «NATOren inteligentzia hutsak» gaitzetsi zituen atentatu horien karietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.