Ekintzaile suizida batek, gutxienez, 24 lagun hil ditu Pakistango ospitale batean

Musharrafek dimisioa eman ondotik, koalizio gobernuak lehen bilera egin du herrialdearen etorkizunaz hitz egiteko

Miren Manias.
2008ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Pervez Musharraf Pakistango presidenteak dimisioa eman eta hurrengo egunean, ospitale batean egindako atentatuan gutxienez 24 lagun hil zituzten atzo. Horrez gain, dozenaka lagun ere zauritu ziren. Erasoa Dera Ismail Khan eskualdeko erietxe batean egin zuten, TTP Tehrik e Taliban Pakistan taldeko ekintzaileek.

Maulvi Omar TTPko bozeramailearen arabera, atentatua Gobernuak Bajaurren egindako ekintzen ondorioz egin dute. «Musharrafek alde egin badu ere, Gobernuaren Poliziak Bajaurren dirau», adierazi zuen Omarrek.

Buruzagi musulman bat omentzeko asmoz, Tank hiriko ospitalean bildutako musulman xiiten aurka egin zuten erasoa. Dawntelebista kate pribatuaren arabera, gazte batek zeramatzan lehergailuek eztanda egin zuten erietxearen aurrealdean. Zaurituen artean hainbat polizia daude.

Afganistango mugan, Bajaurren, ekintzaileen eta Gobernuaren arteko liskarren ondorioz, gutxienez 25 ekintzaile hil eta lau soldadu zuritu ziren atzo. TTPko bozeramailearen esanetan, borrokak ez dira etengo Gobernuak Bajaurren erasoak bertan behera uzten ez dituen bitartean.

Dimisioaren biharamuna

Pervez Musharrafek dimisioa eman ondotik, koalizio gobernuak lehen batzarra egin du Pakistango etorkizunaz hitz egiteko. Baina ez dute inolako erabakirik adostu.

Koalizio gobernuko kideek 2007an Musharrafek kargutik kendutako epaileak berriz lanera itzultzeko erabakia hartzea atzeratu egin dute. Atzoko bileran demokrazia sendotzea eta egonkortasun politikoa izan ziren hizpide nagusiak PPP Pakistango Herriaren Alderdiko buruzagiaren arabera. Izan ere, bi indar nagusiek, PPPk eta PML-N Liga Musulmana-Nawazek, epaileen auziaren gaineko adostasuna lortzeko denbora gehiago behar dute.

Musharrafen etorkizunaz ere hitz egin zuten. Hala, PML-Nk presidentea epaitua izan dadin nahi du. Baina hori oraindik zehazteko dago. Farooq Naek Justizia ministroak negoziazioen aurretik «eduki garrantzitsuenetan» akordioak lortzeko eskatu du. Hiru egunetako epean bigarren batzar bat egingo dutela iragarri dute koalizio gobernuko kideek.

APP Pakistango agentziak egindako inkesta baten arabera, herritarren %65ek Musharraf epaitua izatea nahi dute Konstituzioa urratu duela argudiatuz. Bizilagunen %26k, aldiz, nahiago dute «barkatzea eta ahaztea». Hala ere, %85ek 2007an kargutik kendutako epaileak lanera itzultzeko eskatzen dute. Hamar pakistandarretatik zazpik presidentearen agintaldia «txarra edo oso txarra» dela diote.

Ezegonkortasuna handitzeko arriskua egon arren, nazioarteko agintariek Musharrafen dimisioak herrialdera egonkortasuna ekartzea espero dute. Errusia eta India, aldiz, kezkatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.