Bombayko Nariman House sinagogan zortzi gatibu zeuden eta, iturri ofizialen arabera, Indiako segurtasun indarrek horietako bosten hilotzak aurkitu dituzte. Bi terrorista ere atzeman dituzte. J.K. Duff Segurtasun Nazionaleko zuzendariak baieztatu du operazioa amaitutzat eman aurretik eraikina bere osotasunean -bost solairu ditu- ikuskatu behar dutela. Berriki, hiru leherketa izan dira sinagogan bertan.Taj hotelean ere egoera ez da baretu eta noizbehinka tiroketak entzuten dira. Terroristen aurkako operazioak bere horretan jarraitzen du.
Bombayko Oberoi hotelean (Trident izenarekin ere ezagutzen da), aldiz, gauzak baretu dira eta kontrolpean dutela ziurtatu du Indiako armadak, herenegundik erasotzaile talde baten esku izan ondoren. Hain zuzen ere, 170 lagun zeuden bahituta hotel horretan, eta haiekin zer gertatu den oraindik ez dute erabat argitu iturri ofizialek: gehienak onik eta libre daudela iradoki duten arren, hotel barruan 24 hilotz aurkitu dituztela ere esan dute. Hotela kontrolpean dutela, "terroristarik gabe" utzi dutela, eta erasoan ekintzaileetako bi hil dituztela azpimarratu dute.
Oldarraldi berean bi egoitza hartu dituzte kontrolpean: aipatutako Oberoi hotela, eta Nariman House eraikina. Eraikin horretan sinagoga bat dago, eta erasotzaileek Israelgo hamar bat herritar zeuzkaten han baituta.
Ekintzaile talde armatu handi batek asteazken arratsean hasi zuen atentatu eta eraso oldea Bombayn: suzko armekin tiroka eta granadak jaurtikiz hainbat lekutan egin zituzten erasoak, batik bat, Mendebaldeko turista eta enpresaburuen aterbe izaten diren hotel, jatetxe, taberna, eta garraio geltokietan. Guztira 143 bat lagun hil dira eraso horien ondorioz. 387 dira, aldiz, orain arteko zaurituak.
Hasiera batean Decca Mujaideen talde armatuak hartu zituen bere gain erasoak, eta Indiako Gobernuak ere sinesgarritasuna eman zion aukera horri. Azken orduetan, berriz, atxilotutako ekintzaile batzuk Pakistango Lashkar-e-Taiba (Aratzen armada) talde islamistako kide direla aitortu dutela zabaldu dute iturri militarrek.
Euskal herritarrak etxera bidean
Gutxienez bi euskal herritarrek bertatik bertara bizi izan dituzte erasoak, Karmelo Bilbao eta Jaione Atxutegi Larrabetzuko (Bizkaia) senar-emazteek. Hala ere, onik atera dira eta dagoneko Euskal Herrira bidean dira: arratsaldeko hiruak aldera iritsi dira Torrejon de Ardozko (Madril, Espainia) aireportura Espainiako Armadak bidalitako hegazkin berezian, eta handik Euskal Herrirako bidea hartu dute. Pozik agertu dira onik atera direlako, baina une latzak bizi izan dituztela azpimarratu dute.
Atentatuak Bombayn
Ekintzaileen eta armadaren arteko borrokek jarraitzen dute Bombayko bi gunetan
Bombayko Nariman House sinagogan bost hilotz aurkitu dituzte. Taj hotelean, aldiz, noizbehinka tiroketak entzuten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu