Kanpainaren azken txanpan, PT Langileen Alderdiko ordezkarien kontrako ustelkeria ateratzea izan da, adituen ustez, Dilma Rousseffek -botoen %46,56- presidentetza lehen itzulian ez eskuratzeko arrazoi nagusietako bat; beste bat, ustelkeria kasu horiek direla-eta Brasilgo komunikabideekin Luiz Inacio da Silva Lulak izan duen borroka -komunikabide gehienak oposizioko PSDB alderdiaren ondoan jarri dira-. Bigarren itzulira igarotzea lortu du PSDBko Jose Serrak (%32,71), eta bai eskuina, baita ezkerra ere Marina Silvaren botoei begira jarri dira (%19,51): PV Alderdi Berdearen ordezkariak ez du ezkutatu poztasuna. Inkestak %10 inguruan jarri izan diote babes kopurua, eta azken egunetan %5ean. Hori izan da ezustekorik handiena, eta euren estrategia erabakitzeko gaur bertan lanean hasiko direla esan du; bi hautagaiek bere agenda kontuan hartu beharko dutela ere bai, berdeen babesaren truke.
Gobernuko PT alderdiaren boto-emaileen kontzientzia kritikoa bilakatu da Silva, Lulak bideratu dituen politika liberalekin ados ez dauden ezkertiarrena. Lularen Ingurumen ministro izan zen 2008 arte, baina dimisioa eman zuen, presidenteak Amazonian bideratu dituen industria eta energia proiektuen ondorioz. Hala ere, Serrarengandik baino gertuago dago Rousseffengandik, baina ez dio babesa besterik gabe emango. Andre Pereira Cesar analistaren ustez, «ez du sekula Serraren aldeko botoa emango, baina berari botoa eman diotenen artean PTrekin oso haserre dagoen jende asko dago, eta gobernua zigor dezakete egin dituen ingurumen politikengatik». Urriaren 31 arteko epea dute bi hautagaiek boto horiek bereganatzeko.
Rousseffena garaipen handia den arren, gazi-gozoa izan dela esaten ari dira, Lularenganako herritarren %80en babesa ez duelako baliatzen jakin. Atzo bertan, eta kanpainan egin bezala, Lulak gogorarazi zuen bera bigarren itzulian aukeratu dutela bi hauteskundeetan.
Oposizioaren garaipenak
Atzoko hauteskundeetan presidentetza baino gehiago egon da jokoan: 27 gobernadore, 513 diputatu eta 54 senatari aukeratu dituzte brasildarrek, eta ehunka udal ordezkari. Brasilgo bi estaturik jendetsuenak PSDB kontserbadorearen esku geratu dira: Sao Paulo eta Minas Gerais. PTren garaipen esanguratsuena, berriz, Rio Grande do Sulgoa izan da, eta Rio de Janeiro PTren aliatuen esku geratu da, PMDBren esku. Hamar estatutan -Brasilia barne- bigarren itzulian erabakiko dute nork gobernatuko duen.
Diputatuen eta Senatuen kasuan, berriz, PMDB alderdiak lortu du boto gehien, baina alderdi horrek ez du presidentetzarako hautagairik aurkezten, eta garailearekin negoziatzen du bere boterea. Beraz, Lularen aliatu izan direnak Rousseffen alde jarri dira orain, Michel Temer presidenteordea barne. Legebiltzarrean PTk 513 diputatuetatik 380ren babesa du, eserlekuen %78.
Ekologistek erabakiko dute bigarren itzulia Brasilen
Marina Silvaren Alderdi Berdeak eman du ezustekoa presidentetzako bozetan, botoen %20 eskuratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu