Alemaniako eskualde autonomo jendetsuena den Ipar Renania-Westfalian herenegun bozak egin zituzten, eta porrot egin zuen Angela Merkel kantzilerraren koalizioak. Hala, Senatuko gehiengoa ere galduz. Horrek guztiak ondorio larriak izango ditu Gobernuan, izan ere, zail izango dute hainbat lege proposamen indarrean sartzea, besteak beste, Greziari eman beharreko diru laguntzari dagokiona. Horiek hala, Berlinen aliatu dituen eta, inkesten arabera, porrotaren erantzule nagusi diren liberalei zuzendu zaie Merkel iragartzerakoan ez dela zerga murrizketarik izango 2012a bitartean. Alderdi Liberalaren eskaera horrek zazpi hilabeteko eztabaida luzea eragin du, koalizioaren irudia okertuz.
«Ez du balio aitzakiarik bilatzea; porrot garratza jasan duguhauteskunde hauetan», aitortu du Merkelek kazetarien aurrean, Ipar Renania-Westfalia eskualdean herenegun egin ziren bozen emaitzak aipatzean. Alemaniako eskualde jendetsua den honetan -18 milioi bizilagun inguru ditu-, CDU Alderdi Kristau-demokrata eta FDPko liberalak ziren orain arte boterean. Alabaina, bozen %34,6 lortuta, ia hamar puntu galdu ditu Merkelen alderdiak orain dela bost urtetako emaitzekin alderatuta. FDPk, berriz, botoen %6,7 bildu ditu. Hortaz, bi indar politikoek galdu dute Ipar Renania-Westfalian zuten gehiengoa. SPD Alderdi Sozialdemokratak ere galerak izan ditu, baina CDUren parean dago bozen %34,5 bilduta. Garaipen aipagarria lortu du ostera, Grunnen alderdi ekologistak botoen %12,1 eskuratuta -ia sei puntu gehiago-. Die Linke ezkerrak ere gora egin du, bozen %5,6 bereganatuta. Parte-hartzea, berriz, %59koa izan da.
Ipar Renania-Westfalian jasandako porrotaren ondorioz, kristau-demokrata eta liberalen arteko gobernu koalizioak gehiengoa galdu du Bundesraten -eskualde autonomoen ganbera-. Alta, ganbera horren babesa nahitaezkoa da esparru federaleko lege proiektuak onartuak izan daitezen Parlamentuan.
Bozetako porrota aitortu ostean, Merkelek argi utzi du aldaketak egingo dituela ekonomia arloko hainbat egitasmotan. Alemaniako kontuak sendotzea izango dela haren gobernuaren lehentasuna iragarri du kantzilerrak, eta zehaztu du horretarako zor publikoak murriztea ezinbestekoa dela. «Etorkizun hurbilean zergak gutxitzea ezinezkoa izango da». Legebiltzarrerako hauteskundeetan gailendu eta gero, iazko urrian osatu egin zen demokristau eta liberalen arteko koalizioak, aldiz, urtebetean 24.000 milioi euroko zerga gutxitzeak agindu zituen.
«Euroak jasaten dituen desorekak defizit publiko handiegien ondorioak dira», azaldu du Merkelek orain, eta gaineratu: «Hori dela eta, lehentasuna zorrak gutxitzea izan behar du». Orain dela gutxi Alemaniak iragarri zuen bere kontuen defizita barne produktu gordinaren %5era iritsia zela. Europako Batasunaren egonkortasun hitzarmenak, ordea, defizit publikoak BPGaren %3ra mugatzea behartzen ditu EBko kideak. Berlinek hitzeman du estatu federalaren defizit publikoa muga horretara bueltaraziko duela 2013rako.
Ika-mikak agerian
Ekonomia arloan lehentasunak aldatuko direla zehatz aldarrikatzearekin batera, Merkelek nola edo hala aitortu du ika-mikak egon direla azken hilabeteotan zuzentzen duen koalizioan gobernuan. Izan ere, demokristauen eta liberalen artean iritzi kontrajarriak plazaratu dira, zergak gutxitzearen kontuaz, eta Greziak pairatzen duen gaitzaldi larriari Alemaniak eman beharreko erantzunaren inguruan. «Ika-mika asko saihestu behar ziren», adierazi du kantzilerrak.
Adituen iritzian, Greziako krisiak EBko kideengandik behartutako diru laguntzak zerikusia izan du Merkelen koalizioak jasandako porrotean. Alemaniako iritzi publikoak begi txarrez ikusten du diru gehiago sartu beharra, Berlinek duelarik jadanik ere sos gehien sartzen EBren ibileran. «Gaitzari sustraietatik heldu behar diogu; ahalegin oro behar dira egin euroa sendotzeko, defizitak murriztetik hasita».
Ekonomia lehentasunak berrikusi ditu Merkelek, bozetako porrotaren ostean
Aurretik koalizioak kontrakoa iragarri arren, zerga murrizketarik ez dela izango iragarri du kantzilerrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu