Mundua

Ekuadorko armadak indarrez askatu du Correa presidentea

Matxinatutako poliziek 11 orduz atxikita eduki dute erietxe batean. Bi lagun hil dira armadaren askatze operazioan. Lucio Gutierrez presidente ohiaren jarraitzaileek matxinadarekin zerikusia dutela salatu du Correak.

2010eko urriaren 1a
09:51
Entzun
Egun gatazkatsua izan zen atzokoa Ekuadorren. Poliziari soldatak murrizten dituen legea onartu zuen Legebiltzarrak, eta polizia andana matxinatu eta kalera irten zen neurri horren aurka protestan. Rafael Correa presidentea haiekin hitzegin eta negoziatzera joan zenean, irainka eta erasoka hartu zuten, eta Quitoko Poliziaren Ospitalean babestu behar izan zuen, besteak beste, zangoa zaurituta.

Hain zuzen ere, 11 orduz erietxean atxikita eduki dute matxinatutako poliziek, harik eta bart goizaldean armadak esku hartu eta indarra erabiliz askatu duen arte. Armadaren operazioan gutxienez bi lagun hil dira -polizia bat eta zibil bat- eta 50etik gora dira zaurituak, Raul Patiño Atzerri ministroa haien artean.

Askatu eta segituan presidentziako jauregira joan da Correa, eta mintzaldia egin du balkoitik. Correak salatu du azken orduetako gertakariak ez direla polizien lan gatazka hutsa, baizik eta oposizioak, eta, zehazki, Lucio Gutierrez presidente ohiaren jarraitzaileen konspirazioa eta estatu kolpe saioa dagoela oinarrian.

Correa mugimendu bolivartarraren barruan kokatzen da -Venezuela zein Boliviako presidenteekin batera-, eta hainbat erreforma bultzatu ditu Ekuadorren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.