Ekuadorko Helegite Auzitegiak esan du azken hitza Rafael Correa presidente ohiaren aurkako auzian, eta, espero zen moduan, berretsi egin du haren kontrako zortzi urteko kartzela zigorra. Ondorioz, Correa ezin izango da presidenteorde kargurako aurkeztu —asmoa zuen moduan— datorren urtean egitekoak dituzten hauteskundeetan.
Eroskeria auziarekin lotuta zigortu dute Correa. Akusazioaren arabera, 2012tik eta 2016ra bitartean «legez kanpoko ekarpenak» jaso zituzten presidentetzaren jauregian Alianza Pais alderdi ofizialista finantzatzeko, trukean gobernuak milioika euroren kontratuak esleitu zizkien hainbat enpresari, besteak beste Odebrechti. Ustelkeria sarea bultzatu izana egozten diete Correari eta Jorge Glas presidenteorde ohiari.
Estatuburu ohiak, ordea, ukatu egin du halakorik, eta bere aurkako «jazarpena» bultzatzea egotzi dio egungo presidente Lenin Morenori. «Azkenean, lortu dute. Inoiz baino denbora tarte txikiagoa behar izan dute behin betiko epaia emateko, eta hautagaitzarako inhabilitatzeko. Ez dute ulertzen egiten duten bakarra herriaren babesa handitzea dela», salatu du Correak sare sozialetan.
Presidente ohia Belgikan bizi da, 2017tik. Urtebete lehenago, Ekuadorko auzitegi batek haren aurkako atxilotze agindua eman zuen, bere aurkako epaiketara ez agertzeagatik, baina Interpolek atzera bota zuen eskaria, argudiatuz «oinarri politikoak» zituela.