Ekuadorko Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu abortuaren inguruan zigor kodean jasota dauden bi artikulu, eta, horrenbestez, abortua legez egiteko baldintza berri bat onartu du: bortxaketa izan den kasuetan, ez da zigortuko. Orain arte, haurdun dagoenaren bizitza arriskuan dagoenean eta "desgaitasun intelektualen bat duen norbait" bortxatua denean soilik egon da baimenduta abortua. Hainbat erakunde feministaren eskariz iritsi zen proposamena auzitegira, iaz, eta gaur onartu dute, aldeko zazpi botorekin eta aurkako birekin.
Modu horretan, zigor kodeko 149. eta 150. artikuluen aurkako ebazpena eman du auzitegiak. Lehenengoaren arabera, sei hilabete eta bi urte arteko dagokio abortatzen duenari edo haurdunaldiaren borondatezko etetean parte hartzen duen edonori. Bigarrenak zioen aurrez aipatutako bi kasuetan abortuari ez zegokiola zigorrik. Horrek gainerako kasuak baztertzen dituela salatu izan dute erakunde feministek. Epaileek agindu dute "desgaitasun intelektualen bat duen pertsona" hitzak artikulutik ezabatzea, eta talde horren barruan emakume oro sartzea.
"Historikotzat" jo du erabakia CNME Ekuadorko Emakumeen Koalizio Nazionalak, herrialdeko 21 elkarte feminista barne hartzen dituen erakundeak. "Beharrezkoa zen aurrerapen" gisa hartu du, baina onartutakoarekin nahikoa ez dela nabarmendu du, eta ziurtatu abortua erabat despenalizatzearen aldeko borrokan jarraituko dutela.
Gogotik ospatu dute erabakia auzitegiaren inguruan bildutako dozenaka lagunek, dagoeneko Hego Amerikako hainbat herrialdetan abortuaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu den kolore berdea soinean zeramatela. Aurkakoak ere elkartu dira, Abortuari ez, bizitzari bai lelopean. Azken horiekin lerratuta dagoela berretsi zuen astelehenean Ekuadorko apezpikutzak. "Krimen bat ez da beste krimen batekin konpontzen" zioen gutun bat igorri zion Luis Cabrera monsinoreak auzitegiko presidenteari.