MUNDUA

Ekuadorrek babes politikoa emango dio Assangeri

Erresuma Batuak "mehatxu" egin du Wikileaksen sortzailea Ekuadorko enbaxadatik "indarrean" atera eta Suediara estraditatzearekin. Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago babestuta.

2012ko abuztuaren 16a
17:39
Entzun

Ekuadorko Gobernuak Julian Assange Wikileaksen sortzaileari babes politikoa ematea erabaki du, gaur eguerdian Ricardo Patiño Atzerri Arazoetako ministroak jakinarazi duenez. Assange AEBera estraditatzen badute bere bizitza "arriskuan" egon daitekeen beldur da Ekuadorko Gobernua, eta hura babesteko "nazioarteko legedia" erabili du. Patiñoren arabera, Erresuma Batuak "muturrera" eraman nahi du Wikileaksen sortzailea ustezko sexu delituak egotzita Suediara estraditatzeko euroagindua.

Julian Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babesturik dago joan den ekainaren 19tik. Erresuma Batuko Justiziak etxean atxilo zuela bertaratu zen babes bila. Ekintza horrekin Wikileaksen sortzeileak Erresuma Batuko legedia hautsi zuela uste du Scotland Yardek. Hori dela eta, babes politikoaren berri izatean, Erresuma Batuak Ekuadorri Assange "entregatu ezean" enbaxada "indarrean" hartuko duela adierazi dio, Assange atxilotzeko helburuarekin. Erresuma Batuaren esanetan, Ekuadorrek babes politikoaren inguruan hartutako erabakiak ez du bere asmoa baldintzatuko.

Ricardo Patiño Ekuadorko kantzilerrak gogor salatu du Erresuma Batuaren jarrera, "ekintza erasokor eta onartezina" dela esanaz. Haren hitzetan, nazioarteko arauak hautsi nahi ditu Londresek; izan ere, nazioarteko araudiak dio diplomazia egoitzak "ukiezinak" eta "inbadiezinak" direla.

Hargatik, britainiar agintariek Ekuadorren enbaxada erasotzen badute Quitoko Gobernuak "irmotasunez" erantzungo duela iragarri du Patiñok. Hala ere, orain arteko bi herrialdeen arteko harreman onak gogoratu nahi izan ditu, "auzia elkarrizketaren bitartez" konpondu ahal izateko.

Jazarpena

Wikileaksen sortzailea 2010ean ustez bi emakume bortxatu izanagatik auziperatu nahi du Suediako Justiziak. Assangek emakumeek baimendutako harremanak izan zirela dio, eta dena bera "AEBera estraditatzeko" plan bat dela. 41 urteko australiar kazetaria 2010eko abenduan atxilotu zuten Londresen. Wikileaksek AEBeko Gobernuaren milaka dokumentu sekretu ezagutarazi ditu, besteak beste.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.