Ekuatore Gineak utzi egin du Nazioarteko Zigor Auzitegia, «afrikarren aurka» doalako

«Esklabo gisa» hartzen dituen auzitegia uztera deitu ditu Obiangek Afrikako Batasuneko gainerako herrialdeak

Xabin Makazaga.
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Kenyako Parlamentuak hasitako bideari jarraiki, Ekuatore Gineak ere Nazioarteko Zigor Auzitegia uztea erabaki du, eta Afrikako Batasuneko gainerako herrialdeei gauza bera egiteko eskatu die Teodoro Obiang presidenteak, Hagan afrikarrak «esklabo gisa» hartzen dituztela iritzita.

Afrikako Batasuneko agintariek iragan asteko bilkuran izan zuten eztabaidagai Hagako auzitegia uzteko aukera, eta, azkenean muturreko erabakirik hartu ez arren, Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu zioten jarduneko Afrikako estatuburuei ez jazartzeko, eta atzeratzeko Uhuru Kenyatta eta Omar al-Baxirren kontrako auziak.

Kenyako eta Sudango presidenteen aurkako auziek sortu dute ezinegona Afrikako agintarien artean, eta Kenyatta auzipetzea «umiliazio irrazional bat» izan dela salatu du Obiangek: «Afrikarren aurkako auzitegi horrekin ez nator bat. Oraindik mendebaldearen esklabotzat hartzen gaituzte, herrialde aske eta burujabeak garela aintzat hartu gabe», esan zuen atzo Obiangek Malaboko Herriaren Jauregian, Ekuatore Gineako telebistak zuzenean emandako hitzaldi batean.

Nazioarteko Zigor Auzitegia utzita, krimenak zigorrik gabe geratzeko arriskua dagoela egotzi izan diete Afrikako agintariei. Desmond Tutu Bakearen Nobel saridun hegoafrikarrak, besteak beste. Obiangek, baina, Hagako auzitegia utzi eta Zigor Kontseilu Afrikarra izango litzatekeena sortzea proposatu du, Afrikak berak epaitu ditzan kontinentean eginiko gizateriaren kontrako krimenak.

Ororen gainetik, menpekotasun zentzua eta afrikarren aurkako «laidoa» amaitzea nahi duela esan zuen Obiangek: «Ikusi dugu [Nazioarteko Zigor Auzitegian] agintari afrikarrak bakarrik epaitzen dituztela. Ezin dugu onartu bahituta eraman gaitzaten, beste batzuek egindako krimenekin ezikusiarena egiten duten bitartean. Asiako agintaririk, esaterako, ez dute deitu Hagara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.