NORVEGIA

El Baradei: «Arma nuklearrak anomalia historikoa dira»

Londresek isilean gorde du 50eko hamarkadan Israeli gai nuklearrak saldu izana, oposizioaren arabera; Iranek beste erreaktore bat eraikiko du

Erredakzioa
2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eta erakunde horretako zuzendari Mohamed el Baradeik Bakearen Nobel saria jaso zuten atzo, Oslon (Norvegia). Saria jasotzeko hitzaldian arma nuklearrak desagerrarazi beharra dagoela nabarmendu zuen El Baradeik: «Auto-suntsiketa eragotzi nahi badugu, arma nuklearrek ezin dute lekurik izan gure segurtasunean».

Arma nuklearrak «anomalia historikoa» dira, El Baradeiren hitzetan. Herritarren segurtasuna bermatu behar dela adierazi zuen, baina estatuek arlo militarrari gehiegizko garrantzia ematen diotela. «Gastu militarraren %1 nahikoa litzateke munduko pertsona bakar bat ere ohera goseak ez joateko». Izan ere, nazioarteko arazo larriena ez da segurtasuna, pobrezia baizik. Munduko 6.000 milioi biztanleetatik 850 pobreak direla gogorarazi zuen IAEAko zuzendariak. Sarritan, giza eskubideen bortxaketa larriak pairatzen dituzte. Bidegabekeria horiek eragiten dute indarkeria. IAEAk eta El Baradei bien artean banatuko dute saria: 1,06 milioi euro. Lehenak garapen bidean dauden herrialdeetan minbizia borrokatzeko erabiliko du dirua; bigarrenak bere sorterrian, Egipton, umezurztegiak sortzeko. Talde ekologistak, Greenpeace besteak beste, ez datoz bat Nobel saria IAEAri ematearekin. Izan ere, Ipar Korea, Iran eta Irak kritikatu dituen arren, ustez arma nuklearrak ekoitzi nahi zituztelako, beste hainbat herrialderi arma horiek edukitzea baimendu die. Iranek atzo iragarri zuen beste erreaktore bat eraikiko duela eta uranioa aberasteko asmoa duela, baina ez duela egingo EBrekin negoziatzen duen bitartean.

Erresuma Batua da arma nuklearrak dituen herrialdeetako bat. Abuztuan BBCk jakinarazi zuenez, Londresek plutonioa sortzeko ezinbesteko gai bat, ur astuna, saldu zion Israeli, 50eko hamarkadan. Atzerri Ministerioak ukatu egin zuen albistea; kontratua Norvegiarekin sinatu zutela argudiatu zuen. Alabaina, Israelek berak zuen kontratuak dio Norvegia bitartekari huts izan zuela. Herenegun, Israeli arma nuklearrak garatzen laguntzea ezkutatu izana leporatu zion oposizioak Gobernuari.

Bakearen sari alternatiboak ere banatu zituzten atzo, Suediako Legebiltzarrean. Mexikoko margolari Francisco Toledori Oaxacako indigenen alde egitea eskertu zioten; Maude Barlow eta Tony Clarke kanadarrei bidezko merkataritzaren alde egindako lana; Irene Fernandez malaysiarrari emakumeen aurkako indarkeria amaitzeko egindako borroka; eta Kalahariko Lehenengo Biztanleak erakundeari (Botswana) boskimanoen lur eskubideak defendatzeko borroka. 212.000 euroko saria eman zieten, lauren artean banatzeko. Saridunek mundu bidezkoago bat sortzeko beharra dagoela aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.