Gaur, EBko ordezkariak, Erresuma Batua, Alemania eta Frantzia, IAEAko kideekin bildu dira, Iranenen jokabidea aztertzeko. Mohamed El Baradei IAEAko zuzendariak "alde bakarreko erabakirik ez hartzeko" eskatu die Europar Batasunari eta Irani.
Bestalde, zuzendariak azpimarratu du garrantzitsuena elkarrizketetara itzultzea dela egoera behekaldean gera ez dadin. "Espero dut gertakari hau prozesuko etenaldi bat besterik ez izatea, eta ez behin betiko haustura bat" nabarmendu du El Baradeik Europar Batasuna eta Iranen artean sortu den tentsio uneari erreferentzia eginez. Hortaz, azpimarratu du denbora beharko dutela Iran, Europa eta AEBen arteko erlazioak berreskuratzeko.
Iranek Asfahango jarduera nuklearrak berrartzeko erabakia "alde bakarrekotzat" jo du El Baradei zuzendariak, eta gaineratu du "alde bakarreko erabakiak hartu beharrean negoziaketekin aurrera jarraituko dueneko esperantza" daukala.
Nolanahi ere, bilera honi erreferentzia eginez, bertatik ateratako erantzunak ez duela Gobernua arduratzen eta bere ekimenekin aurrera jarraitzeko asmo osoa duela adierazi du Iranek.
Europako Batasunak kritikatu egin zuen Iranen erabakia. Neurri horrek auzia Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun kontseilura eramatera bultzatuko dituela ohartarazi zuen. Aurreko astean krisi nuklearra gainditzeko proposamen bat egin zioten Erresuma Batuak, Alemaniak eta Frantziak. Iranek errefusatu egin zuen, txostena onargaitza zela eta espero zituen gutxieneko baldintzetara ez zela iristen esanez. Khamal Jarrazi, Irango Atzerri ministroak ostiralean egin zuen publiko bere erantzuna eta igandean bidali zien erantzun ofiziala. "Europak proposatutako ekimenak uranioa aberasteko eta teknologia nuklearra garatzeko eskubide subiranoa gutxiesten du", adierazi zuen Iranek oharrean. Teheranek nabarmendu zuen ez dela auzia Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura eramatearen beldur.
Europako Batzordeko bozeramaile Stefaan de Rynckek zera adierazi zuen, atzo, Iranen baztertutako proposamenaz: "Iran eta Europako Batasunaren arteko harremanetan kapitulu berri bat irekitzeko helburua duen proposamen sorta bat da, eta gure iritzian, hori egiteko oinarri sendo bat". Hala, bere jarrera berriz aztertzeko eskatu zion. "Gure lehentasuna hitzartutako irtenbide bat da, Segurtasun Kontseilua oraingoz erabili nahi ez dugun aukera bat da". EBk ohartarazi zion ekimen nuklearrak berriro abiarazteak nazioarteko krisia eragin zezakeela.
iran
El Baradeik "alde bakarreko erabakirik ez hartzeko" eskatu die Europar Batasunari eta Irani
Isfahango zentral nuklearra berriz ere lanean jarri zuen atzo Irango Gobernuak, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) bere kamarak jarri zituela baieztatu ondoren. Mohamed El Baradei IAEAko zuzendariak Europar Batasunari eta Irani eskatu die "alde bakarreko erabakirik ez hartzeko" egoerari ihes egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu