Komunikabideak

'El Jueves' aldizkariko bi langileek epaileari esan diote Gobernua kritikatu nahi zutela marrazkiarekin

Karikaturaren egile Guillermo eta gidoiaren egile Manel Fontdevila hartu ditu gaur Del Olmok, lehengo asteko zenbakian Espainiako erret familiari irain egin ziotelakoan. Espainiako Gobernuak haur jaioberri bakoitzeko emango duen diru laguntzaren kontra egin nahi zutela esan diote langileek.

2007ko uztailaren 25a
14:10
Entzun
Juan Del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklarazioa hartu die gaur goizean El Jueves aldizkari satirikoaren bi langileri, lehengo asteko zenbakian Espainiako erret familiari irain egin ziotelakoan. Hori dela-eta, zenbaki haren ale denak erretiratzeko agindua eman zuen epaileak. Hain justu, karikaturaren egile Guillermo eta gidoiaren egile Manel Fontdevila hartu ditu Del Olmok, Madrilen, eta ordu eta erdiz eduki ditu. Epaileak bukatutzat eman nahi du auzia, baina fiskalaren azalpena entzutea falta zaio. Ondoren jakingo da Del Olmok kasua artxibatuko duen edo ez.

Aldizkariaren langileek epaileari esan diote ez zutela erret familiaren kontra egin, baizik eta Espainiako Gobernuak haur jaioberri bakoitzeko emango duen 2.500 euroko laguntzaren kontra, kritika modura. Gai hori dela-eta, Asturiasko printze-printzesak amodioa egiten ageri ziren El Jueves-en azalean, eta testua, printzearen karikaturak esana: "Ohartzen al zara? Haurdun geratzen bazara, hau izango da nik egindako gauza guztien artean lan egitearekin antz handiena duena!”. Aldizkariko bi langileek esan dutenez, "ordezkaritzarik handieneko" kideak izateagatik hautatu zituzten Asturiasko printze-printzesak.

Espainiako Fiskaltzak eskatu zion Del Olmori aleak erretiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.