Komunikabideak

'El Jueves'-en azal berria

"Zuzenketa. Hau da argitaratu nahi genuen azala", dio aldizkari satirikoak zenbaki berriaren lehen orrialdean, eta Asturiasko printze-printzesak ageri dira berriro. Ohi baino egun bat lehenago atera dute. Del Olmo epaileak aurrekoaren ale denak erretiratzeko agindua eman zuen lehengo astean, Espainiako erret familia iraindu egin zutelakoan.

2007ko uztailaren 24a
11:55
Entzun
Ikusmina zegoen El Jueves aldizkari satirikoaren zenbaki berriaren azala ikusteko, aurrekoaren aleen bahiketari "umorez" erantzungo ziotela esan zutelako bertako arduradunek. Gaur atera dute, egun bat lehenago atera ere, asteazkenetan argitaratu ohi duelako. Asturiasko printze-printzesak ageri dira oraingoan ere, eta testua aldizkarikoena beraiena da, bi haien ahotan jarri gabe. "Zuzenketa. Hau da argitaratu nahi genuen azala", diote El Jueves-ekoek.

1.574. zenbakia dute oraingoa. Duela 30 urte sortu zuten aldizkaria -astekaria da-, eta lehengo astean orduko zenbakiaren ale guztiak erretiratzeko agindua eman zuen Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Espainiako erret familia iraindu egin zutelakoan.

Hain zuzen, Asturiasko printze-printzesak amodioa egiten ageri ziren azalean. Espainiako Gobernuak ume jaioberri bakoitzeko emango duen 2.500 euroko laguntza zen marrazkiaren gaia, eta testua, printzearen karikaturak esana: "Ohartzen al zara? Haurdun geratzen bazara, hau izango da nik egindako gauza guztien artean lan egitearekin antz handiena duena!”.

El Jueves-ekoak harrituta geratu dira azken egunetan pasatu denarekin. "Mundua alderantziz jartzea bezalakoa izan da", esan du Mikel marrazkigile eta webaren zuzendariak. "PPk babestu egin gintuen eta aurrerakoiek sorbalda igotzen zuten... Adierazpen askatasunaren izenean Angel Acebes [PPren idazkari nagusia] gu defenditzen entzun nuenean, ez nuen ezer ulertzen, egia esan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.