Espainiak behin baino gehiagotan egin du 1989ko sarraskia egozten dieten militarrak estraditatzeko eskaera. Estradizio eskaria ukatzea erabaki du El Salvadorko Auzitegi Gorenak, aho batez; mahaia osatzen duten hamabost magistratuen botoarekin. 1989ko azaroaren 16an gertatu zen sarraskia: Atlacalt bataloiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten —tartean Ignacio Ellakuria jesuita portugaletetarra—.
1991. urtean epaitu zituzten militarrak, baina libre geratu ziren 1993ko amnistia legeari esker. Joan den uztailean, El Salvadorko auzitegiek bertan behera utzi zuten gerra zibileko amnistia legea, konstituzioaren aurkakoa zelako. Sarraskiaren auzia berriz zabaltzea erraztu zuen erabakiak, baina El Salvadorren erabakiz, ez dituzte militarrak estraditatuko.
2016ko martxoan eskatu zuen Espainiak ustez hilketan parte hartu zuten zenbait militarren estradizioa, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haiek atxilotzea aginduta. Aurretik ere egin izan dituzte halako eskariak. Lehen aldiz, 2011ko abuztuan agindu zuen Velascok hogei militar atxilotzeko. Orduan, militarrak atxilotu eta Espainiaratzea ukatu zuen El Salvadorko Auzitegi Gorenak. Haiek bilatzera mugatu zuen bere lana.
1980ko hamarkadan 75.000 lagun baino gehiago hil zituen armadak El Salvadorren; armadaren, paramilitarren eta ezkerreko gerrillen arteko gerran.