FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak lehen hauteskundeak ditu, El Salvadorren, 2009an boterera heldu zenetik. Aurrez aurre dauka Aliantza Errepublikano Nazionalista, Arena eskuindarra, FMLN gobernura iritsi aurretik hogei urtean agintzen aritutakoa, eta hortxe-hortxe ibiliko dira biak, inkestek diotenaren arabera. Galdeketa nondik datorren, hari ematen diote garaipena, baina betiere justu. FMLNk uste du «programa sozial arrakastatsuak» eragina izango duela bozkalekuetan, eta Arenak, berriz, herritarrek euren aldera egingo dutela «gerrillariek eragindako kalte larriengatik» —1992ra arte, gerrilla bat izan zen FMLN, zenbait bake akordioren bidez legeztatu zuten arte—. Gaur, dena den, agerian geratuko da gerra zibila atzean utzita ere El Salvadorreko gizartea oso polarizatuta dagoela oraindik, eta, gainera, borroka politikotik beste gerra batera jauzi dela, marak jaun eta jabe diren egoera batera, pobrezian eta segurtasunik ezean oinarritutako batera.
Ezkerrak duela ia hiru urte hasitako gobernuak arazo asko dauzka gaur egun, eta eskuina gainean, hark egiten duen oro oztopatzeko, zer esanik ez legebiltzarrean eta udaletan. 4,5 milioi herritar daude deituak 84 diputatu eta 262 alkate hautatzera; Gana hirugarren indarraz gain, gainerako zazpi alderdietako gehienak desagertuko dira nahikoa sostengu lortuko ez dutelako. Bi alderdi nagusien helburua legebiltzarrean duten ordezkaritza handitzea da, eta alderdi txikien botoak eskuratzea.
FMLNk 43 legebiltzarkide lortzea du helburu, Medardo Gonzalez idazkari nagusiak esan duenez: «Gehiengo soila eskuratu nahi dugu herritarren aldeko legeak onartu ahal izateko». Izan ere, gaur-gaurkoz, ez dute indar hori. 35 diputatu dauzka ezkerrak; legebiltzarkide talderik handiena da, baina eskuineko alderdien artean gehiago dira.
Alkateei dagokienez, berriz, gehiago daude FMLNren esku, baina hiri handiak, hiriburua tartean, eskuinak dauka: San Salvadorren, Norman Quijano egungo alkateak irabaziko du, dirudienez. Jorge Schafik Handal diputatuak —Schafik Handal FMLNko historikoaren semeak— ez du lortu inkestetan harengana gerturatzea. Quijano antikomunista da, medikua, eskuinaren eskola zaharrenekoa.
Arenak espero du 2009ko emaitzak hobetzea. Orduko hartan gobernutik kanpo geratu zen, eta gerora zatiketa bat izan zen alderdian, baina kanpainan indartsu agertu da berriz; sekulako dirutza xahututa komunikabideak bereganatu dituela salatu du ezkerrak.
Kanpaina, berriz, bi alderdi nagusiek elkarri trapu zaharrak ateratzeko agertoki bat izan da.FMLNk eskuinari leporatu dio euren aurka gerra zikina egitea eta boto-emaileen artean beldurra zabaltzea. Arenak, berriz, Kubara eta Venezuelara begira egotea egotzi die, «diktadurak eta diktadoreak erreferente» bilakatzea El Salvadorrentzat.
Eskuinak narkotrafikatzaileak sostengatzen dituen ordezkari politiko eta enpresariak bereganatzen dituela-eta iskanbila ugari izan dira, baina ez dirudi horrek emaitzetan eragina izango duenik. Arena 1980an sortu zen, eta eskuin muturra gustura sentitzen da alderdi horretan. Roberto D'Abuisson buruzagi militarrak sortu zuen, El Salvadorrerako Egiaren Batzordearen arabera Heriotzaren Eskuadroien antolatzaileak; Oscar Arnulfo Romero monsinorearen heriotzaren—1980ko martxoan— egile intelektuala. Bake akordioen ondoren, itxura aldatzea erabaki zuen Arenak, alderdi demokratiko baten forma hartzea.
Zatiketa
El Salvadorren, hamabi urteko gerra zibila izan zen; 75.000 pertsona hil eta 8.000 desagertu ziren, eta horren zama dauka oraindik arintzeko. 1992an, Arenako kide Alfredo Cristianik gidatutako gobernuak eta FMLNk bake akordioak sinatu zituzten, eta gerrilla legeztatu egin zuten. 50 urtean gobernu militarrak egon ondoren, Carlos Humberto Romero jenerala kargutik kendu eta junta zibil militarra jarri zuten, Jose Napoleon Duarte gidari zela. Hark irabazi zituen hauteskundeak 1984an, eta gero Cristianik ordezkatu zuen, 1989an. 2009ra arte izan zen boterean Arena, eta FMLNk garaipen historikoa eskuratu zuen 2009an, ozta-ozta erdietsi ere. Ezkerreko alderdien arteko aliantzan irabazi zuten, eta Mauricio Funes kazetari ezaguna jarri zuten presidente. Ospe ona du herritarren artean, eta estatuko kargu publikoek eta egiturek droga trafikoarekin duten loturaren berri eman zuen iaz; programa sozial ugari ere bideratu ditu, baina segurtasunean kritika ugari egin dizkio FMLNk, hark nahi duenaren kontra egin duelako.
Militarren esku jarri du segurtasuna, eta ezkerreko alderdiak gobernura iritsi aurretik militarrak segurtasunetik kanpo utziko dituztela agindu zuten, 50 urte ez baitituzte alferrik egin militarren diktaduren pean. Polizien eta militarren artean narkotrafikatzaileek duten eragina ere jakina da El Salvadorren, eta, gainera, «indarra erabiltzea ez da eraginkorra egiturazko arazo horretan. Heziketa eta lana bultzatu behar ditugu», Medardo Gonzalez FMLNko buruzagiak dioenez.
Drogaren pasabidea
Iparralderako drogaren bidea da El Salvador, legeakezer gutxi esateko duen konkista berrietako bat Mexikoko kartelentzat, Los Angelestik azken bi hamarkadetan deportatutako marentzat—hiri nagusietako auzoak kontrolatzen dituzte orain—; narkotrafikatzaileen diru biltegia da, muturreko pobreziaren erdian; oligarken zerga paradisua, ustelkeriarena.
El Salvadorreko gerra zibila amaitzeko bake akordioa 1992an sinatu arren, indarkeriak ez du etenik izan. Segurtasuna bermatzeko ezintasuna dago, eta narkotrafikatzaile antolatuek agintzen dute lurralde askotan. Nazio Batuen Erakundearen giza garapenaren 2011ko indikatzaileen arabera, 185 herritatik 105. dago El Salvador. Auzo herriak baino leku ez horren txarrean agertzen da, Guatemala (131), Honduras (121) eta Nikaragua (129) baino hobexeago, baina atzerrian dauden herritarrengandik urtean jasotzen dituen ia 4.000 milioi dolarri esker gertatzen da hori. Pobreziari aurre egiteko baliagarri zaie diru hori, baina, horrexegatik, hango ekonomia ez da hazten, eta jendeak emigratzen jarraitzen du.
Baina, egunerokoak diren arazo horiei ez ezik, iraganeko indarkeriaren ondorioei ez zaie irtenbiderik eman. El Salvadorreko diktadura basatiak ordainarazi ez diren bidegabekeriak eragin zituen. Gertaera horiek argitzea eta kalteak ordaintzea ezinbestekoa den arren, ez dago egiturarik, ezta baliabiderik ere. Gaur egun, justizia eta segurtasuna bermatu ezin duen herriak ez du bere egitarauan iraganari heltzea.
El Salvadorreko ezkerrak lehen azterketa du boterean denetik
Legebiltzarrerako eta udaletarako bozetan FMLNrentzat Arena alderdi eskuindarraren pareko emaitzak aurreikusi dituzte inkestekHerria pobrezian bizi da, eta oraindik bitan zatituta dagoela agerian utzi du kanpainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu