Herrialde Katalanak

Elisenda Paluzie aukeratu dute berriro ANCko presidente

2017ko urriaren 1ean "hasitakoa bukatu" egin behar dela esan du, eta erresistentzia baketsurako prestatzera deitu du.

Paluzie, eskuinetik bigarrena. ANC
2020ko ekainaren 21a
11:29
Entzun

Elisenda Paluziek jarraituko du Kataluniako Biltzar Nazionaleko (ANC) presidentetzatan. Atzo egin zuten bozketa idazkaritza nazionala osatzen duten 77 kideek, eta gehienego handiz irabazi du Paluziek. Botoen %85,1 eskuratu ditu (63), eta Montse Soler beste hautagaiak, %13,5 (hamar boto), ANCk berak jakinarazi duenez. Lehendakariorde David Fernandez aukeratu dute, botoen %68,9 hari emanda.

Bilera telematikoa egin zuten ANCko idazkaritza nazionaleko kideek. Militanteek joan den astean egin zuten bozketa, eta atzokoak hura berretsi du: 6.000tik gora militantek bozkatu zuten Paluzieren alde. Emaitza horiek Paluziek egindako lana indartzen dute, azkenaldian egin zaizkion kritiken aurrean. Sektore batek epel jokatzea leporatzen dio, alderdi independentistei aurre egiteko gaitasunik ez izatea. Hain zuzen, sektore horren hautagai zen Soler, hainbaten arabera, Joan Canadell Bartzelonako Merkataritza Ganberako presidenteak jarria.

ANCk 2017ko urria bitartean izan zuen indarra berreskuratzea du erronka orain Paluziek. Urriaren 1eko erreferendumaz geroztik ahulduz joan da. Kataluniako Generalitateak ez ditu aintzat hartzen orain haren eskaerak, eta ERCko hainbat jarraitzailek JxCaten eta Cridaren aldeko joera hartu dute. ANCk transbertsalitatea mantendu behar du, eta alderdien arteko tentsioa apaldu, oreka mantendu praktikotasuna nahi dutenen artean eta Madrilekin aurrez aurre egon behar dela uste dutenen artean.

 

Martxoan, aldebakarreko bidearen alde egin zuen ANCk, eta bozetan euren programan independentzia defendatzen dutenen aldeko botoa eskatuko zuela erabaki zuen. Eta ohartarazi zuen salatu egingo zituela independentziaren aldeko konpromisoa adierazi eta betetzen ez zutenak. Gainera, independentismoa botoen %50 lortuz gero, independentzia aldebakarrez aldarrakatzea eskatuko duela esan zuen. "2017ko urriaren 1ean hasitakoa bukatu behar dugu", esan zuan atzo Paluziek, eta erresistentzia baketsu baterako prestatzera deitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.