Globalizazioa, ongizate soziala eta ekonomia mintzaldian parte hartu zuen, astelehenean, Prabhat Patnaik ekonomian adituak. Indian erreforma ekonomikoa egiteko garaia dela aldarrikatu zuen. Globalizazioaren ondorioak hizpide izan zituen ere, eta, ildo horretan, «munduko sistema inperialistari» aurre egin ahal izateko ekarpenak egin zituen. Bombay utzi eta New Delhira itzuli zenean mintzatu zen berriarekin. Bertako Jawaharlal Nehru Unibertsitateko Ekonomia Ikerketarako Zentroko irakaslea da.
Munduko Gizarte Foroa amaitu da. Zer nolako balorazioa egiten duzu bilkuraz?
Espero dut eragingarria izatea. Indiako oposizioa globalizazioaren kontrako borrokan batzeko balio izan duela uste dut. Ikuspuntu ezberdinak dauden arren, adostasuna dago globalizazioari eta gerrari aurre egiteko aldarrian. Garapen horretan positiboa izan da, beraz.
Orotara 100.000 pertsona inguru izan dira Bombayn, uste baino kopuru handiagoa...
Bi gauza izan dira oso arrakastatsuak. Batetik, parte hartu duen jende kopurua, eta, bestetik, orain arte presentzia eskasa izan duten mundu osoko talde marginatuetako ordezkariek ahotsa izan dutela, eta hori urrats esanguratsua da.
Irakeko gerraren kontrako eta AEBen inperialismoaren kontrako aldarrikapenek protagonismoa hartu dute Bombayn.
Bai. Agerian gelditu da iritzi orokorra dagoela Irakeko gerra AEBetako inperioalismoaren ondorio zuzena izan dela pentsatzerakoan, eta globalizazioak hirugarren munduko herrialdeen miseria sorrarazten duela.
'Beste mundu bat posible da' Munduko Gizarte Foroaren leloa da. Benetan posible al da beste mundu bat?
Noski. Horretan sinestea oinarrizkoa da. Bombayra etorri diren guztiek eta munduko herritar askok sinesten dute aukera horretan. Orain aztertu beharreko gauza da nola garatu asmo hori gauzatzeko proposatzen diren ideiak eta estrategiak. Eta horixe da, hain zuzen ere, Munduko Gizarte Foroaren xedea.
Aurreneko aldiz egin da Indian bilkura. Zeintzuk dira herrialdearen berezitasunak?
Populazio handia duen herrialdea da, eta, batez beste, oso urria da politikan parte hartzen duten herritarren kopurua. Gizarte mailaketa oso errotuta dagoen sistema da ere, eta, ondorioz, herritar txiroenek ez dute beren eskubideak defendatzeko paradarik.
Indiako ekonomia erreformatzeko beharra aipatu zenuen zure mintzaldian. Zein da zehazki zure proposamena?
Indiako Gobernuak murrizketa handiak egin ditu nekazaritzara eta ikerketara bideratutako aurrekontuetan, eta horrek prezioen jaitsiera eta nekazaritza eremuetan bizi diren herritarren langabezia eragin du. Nekazariak izan dira politika horren aurreneko biktimak eta agintariek uko egin diote herritar horiei laguntza teknikoak emateari. Nire proposamena nekazaritza sustatzea da.
Munduko Gizarte Foroa amaitu ahala, Davosen Munduko Ekonomia Foroa hasi da. Politikaren oinarria ekonomia dela salatu duzu. Giza politika egiteko beharra nabarmendu duzu.
Bai. Gizarte ordena berri bat ezartzeko aukeran pentsatu behar da eta hori ez da egun batetik bestera aldatzen. Agintariak estu hartzen jarraitu behar dugu. Egunotako ideia garrantzitsuena hegoaldeko herrialdeek elkarrekin aritzeko beharra da. Jendea elkartzea lortzen badugu, munduko ordena aldatzea lortuko dugu; hau da, globalizazioari aurre egin ahal izateko mundu osoan estrategia bateratua zehaztu behar da. Globalizazioa oso arriskutsua da.
Sarritan kritikatu da Gizarte Foroan ideiak eta estrategiak proposatu bai, baina gero zaila izaten dela horiek errealitatera moldatzea. Zer deritzozu?
Foroa ez da indar exekutiboa, ideiak eta proposamenak plazaratzeko plataforma baizik, eta ideiek herritarren kontzientzia astintzeko gaitasuna dute. Horixe da foroaren balioa. Herritarrak gero kontzientzia berri horrekin arituko dira bere egunerokotasunean.
MUNDUKO GIZARTE FOROA
«Elkarrekin arituz gero, ordena aldatzeko gai izango gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu