Elkarrizketa onartu dute Somaliako miliziek, EBko ordezkariarekin bilera egin eta gero

Baidoa inguruan jazotako borrokei garrantzia kendu diete, «liskar» baten ondorioa izan direla esanez

arantxa iraola
2006ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Bake negoziazioak berriro ere abian jartzea onartu dugu», eman zuen aditzera atzo Somaliako Epaitegi Islamisten Batasuneko buruzagi Hassan Dahir Aweysek. EB Europako Batasuneko Giza Laguntzarako eta Garapenerako komisario Louis Michaelekin bilera egin ostean lortu zuten akordioa. Bake bidean, Somaliako trantsizio gobernuarekin elkarrizketak hasteko eskatu zien Louisek, eta baiezkoa eman zioten. Jasotako erantzunarekin «oso gustura» zegoela adierazi zuen Louisek, eta bake negoziazioak aurki martxan jartzea espero duela. Hala ere, atzoko eguna, aurretik, gordina izan zen Somalian. Borrokak izan ziren atzo Somaliako Gobernuaren tropen eta Epaitegi Islamisten Batasuneko milizien artean. Baidoatik gertu izan ziren borrokak, Somaliako trantsizio gobernuak egoitza duen hiriaren inguruan.

Astelehen gauerako zieten ultimatum data jarria milizia islamistek Etiopiako tropei; behin egun hori pasatu eta Somalia uzteko eskatu zieten. Epe hori konplitu, ordea, eta tropek lehengo tokian jarraitzen dutela egotzita, indarkeriaren bidea hartu zuten atzo. Etiopiako tropei Gobernuaren alde egitea egozten diete, eta horregatik ari dira eskatzen alde egiteko. Alde egiten ez duten bitartean, gainera, negoziazio orori uko egingo diotela jakinarazi dute azkenaldian behin baino gehiagotan milizia islamistetako buruzagiek.

Atzo, ordea, Louis Michel komisarioarekin egin zuten akordioaren berri eman ostean, modu samurragoan hitz egin zuten buruzagi islamikoek, eta garrantzia kendu nahi izan zietenatzo gertatutako borrokei. «Borrokak liskar txiki baten ondorioa baino ez ziren izan. Milizia islamisten eta Etiopiako inbaditzaileen artean izan ziren, gainera; ez ziren gu eta Gobernuaren artean izan», eman zuen aditzera Hassan Dahir Aweysek. «Hau ez da eskala handian gertatzen ari den gerra bat». Hainbat lekukok eman zuten, hala ere, tiro hots eta leherketen berri, eta milizia islamikoetako hainbat buruzagik Gobernuaren tropetako bederatzi soldadu hil eta beste asko preso hartu zituztela jakinarazi zuten. Egun gutxiren buruan, gainera, Baidoa kontrolpean hartzeko esperantza azaldu zuten.

Baidoa inguruan borrokak ugaritzeak arrunt egoera larrira eraman dezake Somaliako trantsizio gobernua. Egun, Baidoako inguru hori baino ez du kontrolatzen. Gainerako guztia --tartean Muqdisho hiriburua-- milizia islamisten esku dago. Egoera hau ez da deus berria, gainera. Somaliako trantsizio gobernua nahi eta ezinean ari da 2004. urtetik, NBE Nazio Batuen Erakundearen oniritziarekin eratua izan zenetik. Nazioarteko komunitatearen partetik laguntza eta babesa jaso baditu ere, eragozpen ugari izaten ari da, eta bakartuta aurkitu da maiz.

LOUIS MICHELEN LANA. EB Europako Batasuneko Giza Laguntzarako eta Garapenerako komisario Louis Michel herenegun abiatu zen Somaliara, bake prozesuaren aldeko urratsak egiteko asmoz. Azken hilabeteetako borroka eta enfrentamenduak geratzea ezinbestekoa dela gogorarazi zuen bidaia hasi aurretik: «Somalian beste gerra bat gertatzeak ondorio larriak izango lituzke. Ez soilik Somaliarentzat, eskualde osoarentzat litzateke oso larria». Europako Batasunak Somaliako trantsizio gobernua laguntzen denbora asko daramala gogorarazi zuen: «Eta bide horretan jarraitzeko asmoa dugu».

Orain hilabete batzuk ere talde islamistak eta Somaliako trantsizio gobernua bake bidean urratsak egiten aritu ziren, eta akordioren bat lorzezaketela zirudien. Azken asteetan giroa nabarmen ozpindu bada ere, akordioren bat lortzeko asmoz hasi zuen bidaia EBko komisarioak, eta milizia islamikoen partetik «elkarrizketa politikoaren» aldeko konpromisoa jaso zuela eta, pozik hitz egin zuen atzo Muqdishon. «Niretzat oso esanguratsua da lortu duguna».

Atzerriko tropak agertzen hasi direla eta, jihad-erako --musulmanen gerra santua-- hainbat dei egin dituzte milizia islamikoek azken hilabeteetan, eta borroka gordinak aurreikusi dituzte. Momentuz, egoerak baretzera egin dezakeela dirudi, ordea.

ETIOPIAREN ERANTZUNA. Etiopiako agintariek, aurreko aldi askotan egin duten bezala, ukatu egin zuten atzo, berriro ere, Somaliara troparik bidali dutenik. Somaliako Gobernuari laguntza teknikoa baino ez direla ematen ari esan zuten, eta horretarako ehunka lagun bidali dituztela Somaliara, eta ez milizia islamikoek gaitzesten duten bezala, milaka. Eta berriro ere albora begira egin zuten salaketa; Eritrea milizia islamistak laguntzen ari dela kritikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.