Publikoak izango dira Venezuelako Gobernuak eta oposizioak egingo dituzten bilerak. Otsailaz geroztik etengabekoak dira istiluak, eta horiek amaitzeko elkarrizketak hasiko dituzte orain, bitartekari lanetan aritu den Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunaren laguntzarekin.
Nicolas Maduro presidentearen arabera, "elkarrizketa politiko egiatia izango da". Indar politiko guztiei "bakeari aukera bat" emateko galdegin die, gainera. Enrique Capriles oposizioko buruaren arabera, elkarrizketak ez dakar norbere printzipioei muzin egitea, ezta herritarrek duten protestarako eskubideari muzin egitea ere.
MUD Batasun Nazionaleko Mahaiko Ramon Guillermo Aveledoren arabera, "elkarrizketa zintzo eta seriorako bidea" ireki da elkarrizketak hasi aurreko prestatze bileran; "errespetuz" eta "berdintasunean oinarrituta" hitz egiteko ados jarri ziren, baita publikoki egiteko ere.