ERCren Kontseilu Nazionalak onespena eman dio azkeneko asteetan bere alderdiko ordezkariek eta PSOEkoek negoziatzen jardun duten dokumentuari. Behin onespena emanda, osorik zabaldu dute bi aldeek hitzartutako dokumentua.
Akordio horren arabera, negoziazio mahai bat eratuko dute bi gobernuek, eta Espainiako gobernu berria eratu eta gehienez ere hamabost eguneko epean egin beharko du mahai horrek lehendabiziko bilera.
Akordioan, egungo marko juridikoa agertzen muga gisa —«ordenamendu juridikoa osatzen duten tresnen eta printzipioen errespetua»—, baina bi aldeek proposamenak askatasun osoz egin ahalko dituztela ere jaso dute.
Horrez gainera, PSOEk onartu du «Kataluniaren etorkizun politikoari buruz» gatazka politiko bat dagoela, eta gatazka politiko hori bide politikoetatik konpondu behar dela.
Negoziazio mahai horri egutegi zehatza eta akordioak betearazteko bermeak eman behar zaizkiola ere adostu dute bi aldeek, baina oraingoz ez dute zehaztu ez egutegia, ez berme horiek zeintzuk izango diren.
Dokumentuaren bukaera aldera, bi aldeek jaso dute Kataluniako herritarrei «kontsulta» bat egiteko aukera. Zehazki, aipatzen du bi aldeek «gizarte katalanaren babes zabala duten akordioak» lortu beharko lituzketela, eta, kasua iritsiko balitz —«en el seu cas», katalanezko testuan—, Kataluniako herritarrei akordio horri buruzko kontsulta bat egiteko aukera erabiliko dutela, horretarako ordenamendu juridikoan egon litezkeen tresnak baliatuz.
Hauxe da, hitzez hitz, PSOEk eta ERCk hitzartu duten dokumentua:
Espainiako Gobernuak eta Kataluniako Generalitateak gatazka politikoa konpontzeko mahai bat sortzeari buruzko akordioa
Akordio hau sinatzen dugun aldeok berresten dugu aukera bat dugula aurrean, Kataluniaren etorkizunari buruzko gatazka politikoa desblokeatu eta bideratzeko, eta berau konpontzeko oinarriak jartzeko, izan ere badago hizketarako borondatea, gaur egungo egoera gainditzea ahalbidetuko digun akordio batera iristeko.
Aukera hori aitortzeak eta bi aldeek agertutako borondate eta tinkotasun politikoak ahalbidetzen dute etapa berri bat irekitzeko moduak aztertzea; etapa bat, zeina, elkarrizketa efektiboan, irekian eta egiazkoan oinarrituko den, instituzioen arteko aitortzan eta elkar ulermenean apustu egiteko.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitateko Gobernuaren arteko harremanen marko politikoan agintzen duten leialtasun instituzionalaren eta aldebikotasunaren printzipioei jarraituz, honako hau adostu dugu:
1. Gatazka politikoaren aitortza, eta berau konpontzeko bide politikoak martxan jartzea.
Kataluniako etorkizun politikoari buruz izaera politikoa duen gatazka bat aitortzetik abiatzen gara.
Gisa horretako beste edozein gatazka bezala, bide demokratikoetatik soilik konpon liteke, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa sustatuz, eta gatazkaren judizializazioa gaindituz.
2. Gatazka politikoa konpontzeko, elkarrizketa, negoziazio eta akordiorako alde biko mahai bat sortzea.
Horregatik, gobernuen arteko elkarrizketa, negoziazio eta akordiorako mahai bat sortzeko konpromisoa hartuko dugu; alde guztien eta proposamen guztien aitortzan eta zilegitasunean oinarrituko da mahai hori, eta ordenamendu juridikoa osatzen duten tresnen eta printzipioen errespetua izango du muga bakar.
Tresna politiko gisa eratutako mahai hori printzipio hauetan oinarrituko da:
1) Osaketa: Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitateko Gobernua. Modu parekidean osatuko dira ordezkaritzak, bi aldeek erabakitako ordezkariekin.
2) Edukiak: aurkeztutako proposamenen gaineko elkarrizketa irekia. Alde guztiek, askatasunez, Kataluniaren etorkizunari buruzko beren proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte, eta proposamen bakoitzaren inguruko jarrerak baloratuko eta eztabaidatuko dira.
3) Egutegi gardena: Espainiako Gobernua eratu eta gehienez ere handik hamabost egunera osatuko da mahaia, eta bilerak egiteko eta ondorioak aurkezteko termino zehatzak jarriko ditu.
4) Jarraipena eta betetzeko bermeak: mahaiak zehaztuko ditu tresna batzuk bere jarduera eta akordioak beteko direla bermatzeko.
Espazio honetan bilatu beharko dira gizarte katalanaren babes zabala duten akordioak. Alde horretatik, bi aldeek konpromisoa dute hartuko diren akordioen eraginkortasuna bultzatzeko, beharrezko izango diren prozeduren bidez. Akordioan mamituko diren neurriek onespen demokratikoa edukiko dute, kasua iritsiko balitz Kataluniako herritarrei kontsulta eginda, horretarako zehaztuta dauden tresnak erabiliz, edo sistema juridiko-politikoaren barruan egon litezkeenak erabiliz.
Dagoeneko existitzen diren elkarrizketa instituzional eta parlamentarioetarako beste espazio batzuekin koordinatu beharko da mahai hau, eta indartu ere egin beharko dira beste horiek. Besteak beste, Generalitatearen eta Estatuaren arteko Alde Biko Batzordea, Kataluniako Autonomia Estatutuak jasotzen duena, eta Kataluniako Parlamentuan dagoen Alderdien Mahaia.