ELKARTASUNA. Bazter utzitakoen kronikak

Gatazka korapilatsu eta bortitzenak jasaten dituzten pertsonak osasun zerbitzu taxuzkorik gabe daudela salatu dute

ARANTXA IRAOLA - DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Tituluetatik haratago. Izen hori jarri diote Mugarik Gabeko Medikuek (MSF) aste honetan publiko egin duten txostenari. Mundu zabalen bizi-bizi dauden bederatzi gatazkaren berri eman dute bertan. Biktima ugari eragiten ari diren gatazkak dira, oinaze eta etsipen iturria. «Nolanahi ere, oharkabean gertatzen ari da hori guztia», salatu dute Mugarik Gabeko Medikuek. Munduko agintarien eta hedabideen agendek leku horiei bizkarra eman dietela gaitzetsi dute. Adibide batzuk eman dituzte horren berri emateko. Iaz Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) telebistetan Kongoko Errepublika Demokratikoari sei minutu eskaini zizkiotela azaldu dute, eta Txetxeniako auziari bi. Horren kontra egiteko atera dute txostena.

Bederatzi leku aipatu dituzte bertan. Eta leku komun bat: hiesa. Gaitza bizkor zabaltzen ari dela gogorarazi nahi izan dute. Kezkatuta. Txostenean gatazka bakoitzaren nondik norako nagusiak aipatu dituzte, eta bereziki osasunaren ikuspegitik jendeak jasaten dituen gabeziei egin diete leku. Hiesa txostenaren atal ia guztietan agertzen da.

- Kongoko Errepublika Demokratikoa: Gobernuko indar militarren eta talde matxinoen arteko guda, teorian, 2003an amaitu zen. Errealitatean gatazkak bizirik dirau oraindik, ordea, gordin. Mugarik Gabeko Medikuen arabera, beren bizilekuetatik ihes egin beharrean aurkitu dira iragan hilabeteotan milaka lagun Kongon, eta inolako babesik gabe laga ditu horrek. Zerua, lurra eta ikara dituzte lagun.

Iazko urtarriletik maiatzera, esate baterako, Ituri inguruetatik ihes egindako 80.000 laguni laguntza emateko ahaleginetan aritu ziren gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Ez zen lan erraza izan; emakume asko, esaterako, sexu indarkeria latza jasanda hurbildu zitzaizkien. Egoeraren ondorioak beldurgarriak dira. Ume txikien hilkortasun tasa, esaterako, oso handia da; larritasunezkoa jotzen den maila sei aldiz gainditu dute. Jende gehienak ez du osasun zerbitzuak jasotzeko modurik, eta gaixotasunak Ðhiesa eta tuberkulosia, esaterakoÐ bizkor zabaltzen ari dira.

- Txetxenia: Errusiako soldaduen eta Txetxeniako indar armatuen arteko borrokek ez dute etenik. Milaka herritar horren ondorioak jasaten ari dira. Indarkeriaren ondorioak (minek eragindako sarraskiak, bala zauriak...) eguneroko kontua dira. Ingushetian errefuxiatuta daude oraindik txetxeniar asko, eta bueltatu direnek itzulera latza izan dute. Suntsituta aurkitu dute beren lehengo mundua, eta pobrezia handia. Tuberkulosia eta pneumonia bizkor zabaltzen ari dira. Nazioarteko laguntza oso urria dela diote Mugarik Gabeko Medikuek, eta neurriak hartu ezean egoerak okerrera egingo duela.

- Haiti: Indarkeria jaun eta jabe da hiriburuan, Port-au-Princen, 2004. urtetik. Jean-Bertrand Aristide presidentea atzerrira behartu zuten, eta gatazka handia lehertu zen. Jende askok bizia galdu du, eta beste askok ihes egin dute, babes bila. Delinkuentzia ere oso zabalduta dago. Mugarik Gabeko Medikuek errealitate horren gordina egunero ikusten dute. Iaz, esaterako, Port-au-Princen duten erietxean indarkeriaren ondorioz zauritutako 2.250 lagun baino gehiago artatu zituzten. 1.500ek bala zauriak zituzten eta erdiak emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak ziren.

Gobernuz kanpoko erakundeko ordezkariek gaitzetsi dutenez, egunik latzenetarikoa uztailean izan zuten, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Cité Soleil auzoan egindako operazio baten ondoren. Balaz zauritutako 27 lagun artatu zituzten. Auzo horretan 250.000 lagun pobrezia gorrian bizi dira, eta osasun arazo larriak dituzte, aurre egiten laguntzeko zerbitzu taxuzkorik gabe.

- Sudan hegoaldea: Iaz guda zibila amaitu zen Sudanen, 20 urte iraun duen gatazka luzea. Gatazkaren ondorioak bizi-bizi daude oraindik, ordea. Errefuxiatu askok beren sorlekura itzultzea erabaki dute, baina deus gutxi dute eskura aurrera egiteko, eta laguntza premia larrian daude.Nolanahi ere, osasun zerbitzuak oso urriak dira. Elgorriak, tuberkulosiak eta malariak jota milaka lagun hiltzen dira urtero. Mugarik Gabeko Medikuek Bahar-El-Ghazalen erietxea dute. Penagarria da bertara iristen diren erien egoera, asko oinez bide luzea ÐegunetakoaÐ eginda iristen dira, oso larri.

Azken urteotan, gainera, lehorte larria dute Sudanen eta inguruko herrialdeetan, eta horrek egoera larritu baino ez du egin. Nazioarteko erakundeek ematen duten laguntzaren zain daude 6 milioi lagun eguneroko ogia lortzeko, eta desnutrizio kasuak oso ugariak dira. Aurten Sudanera denera milioi bat errefuxiatu gehiago itzuliko direla pentsatzen da, eta Mugarik Gabeko Medikuek gaitzetsi dutenez, ez da ezertxo ere prestatu haiei harrera egiteko. Azpiegiturarik gabeko herria dela diote.

- Somalia: Gobernua noraezean dabil 1991. urtetik. Gatazka aroa izan dira urte hautek guztiak, eta eraginkortasunez ardurarik ez dute hartu agintariek. Ondorioak nabarmenak dira: azpiegitura gehienak suntsituta edo hankaz gora daude Somalian. Osasun sistemaren egoera aski adierazgarria da. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 100.000 pertsonako 4 mediku eta 28 erizain edo emagin daude. Jendeak bide luzeak egin behar izaten ditu dauden erietxe bakanetara iristeko eta apenas egin ahal izaten dute horietan ezer erien alde. Lehorteak egoeraren larria belztu baino ez du egin Somalian ere. Pobrezia gorrian bizi dira milaka lagun, eta zer janik ez dute. Neurri zorrotzik hartu ezean datozen bi hilabeteetan bi milioi lagun goseteak erasango dituela diote Mugarik Gabeko Medikuek. 1986. urtetik daude Somalian. Gainerakoan nazioarteko laguntza nahiko urria da; gatazka ugari daude Somaliako leinuen artean, oso bortitzak, eta laguntza taldeak uxatu egiten ditu errealitate bortitz horrek.

- Kolonbia: Gatazka latz eta konplexuan murgilduta dago Kolonbia azken 40 urteotan, eta bururik altxa ezinik dabil oraindik. Indarkeriaren ondorioz hiltzen da oraindik ere jenderik gehiena Kolonbian. Nekazal inguruetatik hirietara ihes egitera bultzatu ditu horrek milioika lagun, eta miseria gorria aurkitu dute ihesean. Pertsona horiei laguntzeko ahaleginetan ari dira batez ere Mugarik Gabeko Medikuak Kolonbian. Osasun zentroak eta erietxeak ditu hainbat hiritan, eta erietxe mugikorrak ere bai, eskualderik urrunenetara iristeko.

- Uganda: Gobernuaren eta LRA taldearen arteko gatazkak beren etxeak utzi eta ihes egitera bultzatu ditu milioika lagun. Datuak beldurgarriak dira: Sudan iparraldean ia herritarren %80k egin behar izan dute ihes azken urteotan. Errefuxiatuentzako guneetan bizi dira pertsona horietako asko, oso egoera larrian. Malariak, beherakoak eta arnas aparatuko infekzioek jota hiltzen ari da jendea. Sendabidea duten gaitzak dira, baina ezin dizkiete sendatu. Hiesa, berriz, oso bizkor zabaltzen ari da. Botikarik ez dute, eta janaria eta ura ere eskas. Gatazkarekin lotutako ekintza bortitzek ez dute etenik eta, kasu askotan, herritarrik xumeenak erasaten dituzte.

- Boli Kosta: 2002. urtetik gerran daude, eta milaka herritar hil dira gatazkaren ondorioz. Beste askok ihes egin behar izan dute, eta estatuko osasun azpiegiturak ia desagertu egin dira. Malariak eta elgorriak jota milaka lagun daude, eta osasun zerbitzu egokiak oso gutxik jasotzen dituzte. Mugarik Gabeko Medikuek eskaintzen dituztenak dira askorentzat dauden zerbitzu bakarrak. Kasu askotan kilometro ugari egin behar izaten dituzte oinez horietara iristeko.

Iaz 70.000 malaria kasu baino gehiago artatu zituzten. Emakume askoren egoera larriaz ohartarazi dute; familia urrun dute, eta bakarrik daude. Sexu indarkeriarekin lotutako erasoak izaten dituzte sarritan, eta GIB birusa ere bizkor zabaltzen ari da. Osasun agintariekin batera hiesaren eta tuberkulosiaren aurka egiteko kanpaina abiatu dute Mugarik Gabeko Medikuek.

- India ipar-ekialdea: Assam eta Manipur estatuetako jendea egoera larrian dago. Erlijioan eta etnien arteko liskarretan oinarritutako gatazkek min handia egin dute. Iragan bost urteotan 150.000 lagunek utzi behar izan dituzte beren etxeak, indarkeriagatik ihesi. Mugarik Gabeko Medikuen aburuz, inork ez die kasurik egin. Errefuxiatuak bazter utzitako leku batzuetan pilatuta daudela gaitzetsi dute, eta horietan eskaintzen diren osasun zerbitzuak oso urriak eta eskasak direla. Elgorriak eta tuberkulosiak jota hiltzen da leku horietan jende asko, edo beherakoaren ondorioz. Bada leku horietan zortzi urte baina gehiago daramanik, pobrezia gorria saihestu ezinik.

Egoera konpontzeko ez deus egitea leporatu diote Mugarik Gabeko Medikuek Indiako Gobernuari. Errefuxiatuen etsipena erakusteko gertakari baten berri eman dute txostenean: Goiramarin gose greba egin dute aurten hainbat errefuxiatuk, konponbide eske.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.