«Isiltasuna da biderik ziurrena milaka pertsona hiltzen dituzten egoerak bere hartan egon daitezen», hala dio Kevin Phelanek Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundearen New Yorkeko egoitza nagusitik. Phelan taldearen eleduna da eta Tituluetatik haratago: Hedabideetan behar baino gutxiago agerturiko hondamendiak, 2005 txostena zuzendu du. Phelanek esku artean dituen datuak Ameriketako Estatu batuetako hedabideei dagozkie, baina, ziurrenera, antzekoak izango dira gaineko herrialdeetan. Oso deigarriak dira: «Munduan jende gehien hiltzen duten hamar gatazka edo hondamendiei denera zortzi minutu eskaini zizkieten iaz AEBetako hiru telebista nagusietan, albistegiek guztira 14.529 minutu iraun bazuten ere».
2005eko banaketa bereziki desorekatua izan zen, bestelako gertakari oldean ito zirelako albisteak. Informazio asko egon zen Asia hegoaldeko tsunamiaren inguruan zein Kaxmirko lurrikarari buruz. Irakeko egoerak hartu zuen nazioarteari eskainiriko gainerako denbora hedabideetan. «Munduko beste biztanle askorentzat zoritxarrean», dio Phelanek.
Konplexua azaldu ezinik
Hori ez da aski, ordea, hedabideen portaera azaltzeko. Beste eragile garrantzitsua egoeren konplexutasuna da. Lurrikarak eta haiek sorturiko egoerak aski errazak dira ulertu eta azaltzeko masa hedabideetan. «Gerra, gaixotasunak eta gosea nahasten diren lekuetako egoera azaltzea askoz zailagoa da, ordea», dio Phelanek. Kongoko Errepublika Demokratikoko egoerak jartzen du adibidetzat: «Oso arrazoi konplexuak ditu, eta ezinezkoa da albistegietako segundo eskasetan azaldu. Horregatik baztertzen dute, nahiz eta askoz jende gehiagori eragin».
1998. urtean hasi zen Mugarik Gabeko Medikuak taldeak zerrenda plazaratzen. «Sudango egoerak bultzatu gintuen», dio eledunak, «sekulako gosetea zegoen han, eta hitzik ez hedabideetan. Zapuztuta geunden, inork ez zekielako milaka pertsona goseak hiltzen ari zela». Zerrendak urteotan izaniko garapena ez da pozteko modukoa, Phelanen arabera. Kongo zazpi urtez egon da zerrendan, baita Kolonbia ere, eta bost urtez Txetxenia. Afganistango kasuak erakusten du argienen hedabideen arreta selektiboaren atzean arrazoi politikoak daudela askotan. Izan ere, zerrendan egon zen Asiako herrialdea lau urtez, 2001era arte. Orduan mundu osoaren arreta bereganatu zuen, eta saio luzeak egin zituzten hedabideek afganistandarrek talibanen menpean pairatzen zuten egoeraz. «Geroztik ez da agertzen, ez egoera hobetu delako, baizik eta ezin dugulako han lanik egin gure lankideak hil zituztenetik». Zerrendan ez daude, beraz, egoera larri guztiak, baizik eta soilik Mugarik Gabeko Medikuak jorratzen dituen larrienak.
Laguntzaren espektakulua
Hondamendietan hedabideek duten garrantzia nabarmentzen du Phelanek: «Iaz sekulako gosetea egon zen Nigerren, eta soilik hedabideek larrialdiaren une gordinean arreta hara bideratu zutenean handitu ziren laguntzak. Beranduegi izan zen askorentzat, baina argi geratu zen hedabideek duten eragina».
Haatik, askotan salatu dute laguntza taldeok hedabideek ez diotela hondamendi bati arreta denbora luzean eusten, eta hasierako laguntza mailak behera egiten duela epe motzean. Hori ikusita, ez al luke giza laguntza emateko nazioarteko sistema hedabideengandik independenteagoa izan behar? Mugarik Gabeko medikuen eledunaren erantzuna: «Isiltasuna da bidegabekeriaren aliaturik indartsuena, eta hedabideen eginkizuna ezinbestekoa da oraindik, isiltasun hori hausteko».
ELKARTASUNA. «Isiltasuna da bidegabekeriaren aliaturik indartsuena»
Hedabideen eragina erabakigarria dela dio MSFko Kevin Phelanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu