Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazio Askapenerako Armadak bake negoziazioei ekingo dietela jakinarazi dute. Arratsaldean, bi aldeek sinatutako komunikatu batekin eman dute akordioaren berri. Piedad Cordoba senatari ohiak irakurri du komunikatua.
Bertan diotenez, iaztik harremanetan egon dira, eta dagoeneko adostu dituzte eztabaidatu beharreko bi gai: biktimen auzia eta gizarte zibilaren parte hartze politikorako prozesua. Orain "kontaktu fase esploratorio" bati ekingo diote, eta hemendik aurrera adostuko dituzte gainerako gaiak. Brasil, Txile, Kuba, Ekuador, Norvegia eta Venezuelako gobernuek egingo dituzte behatzaile lanak.
Kolonbiako bigarren gerrilla nagusia da ELN, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen ostean. Garai bertsuan jaio ziren arren, ELN itzalpean geratu izan da maiz, eta dagokion lekua aitortzeko eskatu du Habanako bake elkarrizketetan.
Presidentetzarako hauteskunde kanpaina betean ailegatu da albistea. Igandean egingo dute bozetako bigarren itzulia; Juan Manuel Santos presidentea eta Oscar Ivan Zuluaga alderdi uribistako hautagaia lehiatuko dira elkarren aurka. Biak dira eskuindarrak, baina Zuluagak gogor gaitzesten ditu bake negoziazioak, eta Santosek haiek erabili ditu Kolonbiara bakea ekarriko duen presidente gisa agertzeko, horrek zentroko eta ezkerreko botoak ere ekarriko dizkiolakoan.