Jantzita zeraman tunika eranztera behartu du Poliziak andre bat Nizako hondartzan (Frantzia). Eguzkitan etzanda zegoen, galtza eta kamiseta beltzak eta tunika bat jantzita. Buruan, zapia zuen jarria. Lau polizia hurbildu, eta haien aurrean tunika eranztera behartu dute emakumea, "burkiniaren aurkako debekua urratzen" ari zela egotzita. Isuna ere jarri diote. AFP albiste agentziaren arabera, "morala eta laikotasuna ez errespetatzea" leporatu diote andreari.
Frantziako Estatuko hamalau herritan ezarri dute burkini deituaren aurkako debekua. Gorputz osoko bainujantzia erabiltzearen aurkako neurriak hartu dituzte zenbait udalek, "higiene arauak, ohitura ona eta laikotasun printzipioa" urratzen dituela argudiatuta.
Cannes izan zen debekatu zuen lehen udalerria, uztailaren 28an onartu zuen neurria udalak. Ordutik, Frantziako estatuko beste hamabi herrik eta Korsikako batek ezarri dute debekua; abuztuaren 31ra arte edukiko dute indarrean. Kosta Urdinean daude gehienak, estatuko turismo gunerik garrantzitsuenetako batean.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak babesa eskaini die debeku neurriak ezarri dituzten udalei: "Jantzi hori ez dator bat Frantziaren balioekin; ez da moda baten fruitua, emakumezkoen menderatzean oinarritutako proiektu politiko batena baizik".
French police make woman remove clothing on Nice beach following burkini ban. https://t.co/9XdQ1entZ4pic.twitter.com/QY9hH8pR0A
— FJ Newman (@fj_newman) 2016(e)ko abuztuak 24