Pertsonaia. Josefina Vazquez

Emakume bat Mexiko gidatzeko

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Josefina Vazquez Mota (Mexiko Hiria, 1961) bide urratzailea izan da bere ibilbide politikoan. Garapen Sozialerako eta Hezkuntzarako ministro karguetan lehen emakumea izan da PAN alderdi kontserbadorearen gidaritzapeko Mexikoko Gobernuan. Orain, uztailaren 1eko hauteskundeetarako hautagai izendatu dute, eta Mexikoko lehenengo emakume presidentea izan daiteke. Inkestak, halere, kontra ditu, PRI aderdiko Enrique Peña hautagaia jotzen baitute irabazle argitzat.

PANek 11 urte daramatza boterean, eta, antolatutako krimenaren kontrako borrokaren ondorioz —50.000 hildako utzi ditu azken bost urteetan—, babesa galdu du gizartean. Nolanahi ere, irabazteko gai dela uste du Vazquezek, eta krimen antolatuarekin hitzartzen duten politikariei bizi osorako kartzela zigorra ezartzea, ikasleentzako bekak ugaritzea eta lan erreforma egitea hitzeman du. Arazoei aurre egiteko emakumearen ikuspegia duela nabarmendu du kanpainan, eta emakumeen diskriminazioaren kontra egingo duela iragarri du joera matxista oso errotuta dagoen herrialdean. Michelle Bachelet Txileko presidente ohi eta NBEko Emakumearen Agentziako buruak, badaezpada, gomendio bat eman dio. «Mexikon agintzen baduzu, ez izan bigoteak jartzeko tentaziorik. Gobernatu emakumeon erara».•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.