Emakumeen giza eskubideen alde egiteko etaegoera politiko eta soziala aldatzeko beharrak jarri zituen lanean Ellen Johnson-Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tauakkul Karman, eta beste milaka emakumerekin batera matxinatu ziren, beren kontrako indarkeriari eta zapalkuntzari bidea oztopatzeko, urteetan jasandako suntsipenari zirrikituak eragiteko. Hori aitortu nahi izan du aurten Bakearen Nobel Batzordeak, eta, oro har, bakeari emakumeek berdintasunean egin diezaieketen ekarpena. «Norvegiako Nobel Batzordeak espero du sari honek balio izatea herri askotan emakumeek jasaten duten zapalkuntza amaitzen laguntzeko, eta konturatzeko emakumeak bakerako eta demokraziarako ahalmen bikaina izan dezaketela».
Liberiako presidentea da Ellen Johnson-Sirleaf 2006tik; herritarrek kargu horretarako aukeratutako lehen emakumea da Afrikan. Eta Leymah Gbowee herri hartako gerra zibila amaitzea lortu zuen mugimendu bakezalearen sortzailea da. Hain zuzen, Johnson-Sirleaf aukeratzeko prozesuari bidea egiten lagundu zion. Biak ala biak izan dira ezinbestekoak Liberiako bake prozesuan. Tauakkul Karman, berriz, Yemengo politikari bat da, giza eskubideen aldeko ekintzaile bat, eta Katerik Gabeko Emakume Kazetarien taldeko burua da. Yemenen Ali Abdula Sale presidentearen kontra matxinatu zirenetik, emakumeen borrokaren garrantzia kalera eramaten aritu da —protestetan gizonezkoak dira nagusi—, eta herritarrek eskatzen dituzten aldaketak emakumeentzat ere badirela eskatzen. Haiei eta herrialde arabiarretako matxinadetan borrokan ari diren guztiei eskaini die saria Karmanek.
Sariaren garrantzia
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarentzat, hiruron saria «emakumeen lidergoaren boterearen irudikapena da», eta bakean, segurtasunean, garapenean eta giza eskubideetan emakumeek daukaten «ezinbesteko garrantzia» nabarmendu du.Nazioarteko beste hainbat erakunderen ordezkariek, berriz, emakumeen jazarpena amaitzeko beharra aldarrikatu dute.
Nobel saridunek 1,1 milioi euroko saria jasotzen dute, eta emakumeok hiruron artean banatuko dute.
Bakearen Nobel saria
Emakume matxinoen saria
Ellen Johnson-Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tauakkul Karmanentzat izan da aurtengo Bakearen Nobel saria«Emakumeek bakerako eta demokraziarako duten ahalmen bikaina» saritu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu