Emakumezko izateagatik irainduta

Egiptoko Junta Militarraren aurkako protestetan atxilotutako hainbat emakumeri birjintasun probak egin zizkietela salatu dute. Presondegi militarretako praktika mota hori debekatu du Kairoko epaile batek.

2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Irainka eta kolpeka aritu zitzaizkigun, eta ondoren emakumeak —ezkonduak— eta neskak —ezkongabeakbereizteko eskatu zuen espetxeko buruzagiak. Prostitutak ote ginen ikusi nahi zuela esan zuen, antza denez birjinak ez zirenei prostituzio delituak leporatzeko». Samira Ibrahimek zalantza ugari izan zituen, baina azkenik beldurra gainditu, eta iragan martxoaren 9an Egiptoko Junta Militarraren aurkako protestetan atxilotu eta torturatu egin zutela kontatzea erabaki zuen, berari gertatutakoa «beste inori ez gertatzeko». Maha Mohamedekin batera, Indar Armatuen Kontseilu Gorenaren aurkako salaketa jarri zuen. Beste hainbat gehiegikerien artean, birjintasun probak egin zizkieten atxilotuta izan zituzten egunetan. Salaketari erantzunez, espetxe militarretan birjintasun probak egitea galarazi du Egiptoko auzitegi batek.

Militarrek indarrez hustu zuten Kairoko Tahrir plaza enblematikoa, martxoaren 9 hartan,Junta Militarrari boterea uzteko eskatzeko jendetza bildu baitzen. Hainbat lagun atxilotu zituzten: tartean, hemezortzi emakume. Deskarga elektrikoak eman zizkieten, jo egin zituzten, baita iraindu ere, eta horietako hamazazpi birjintasun probak egitera behartu zituzten. AI Amnesty International erakundeak gertatutakoa salatu zuen orduan, eta militarren helburua «emakumeak emakume izateagatik iraintzea zela salatu zuen. Bestelako eragina ere izan zuten, ordea, birjintasun proba horiek: emakumeak protestetatik aldentzea. Izan ere, izua zabaldu zen manifestarien artean, eta emakume askok etxean geratzea erabaki zuten. Askori protestetara joatea ere debekatu egin zieten senideek, militarren gehiegikerien zurrumurruak zabaldu zirenean.

Praktika ezezaguna

«Ateak ixteko erregutu genien espetxeko guardiei, baina isiltzeko esan ziguten. Arropak kenarazi zizkiguten, eta denen agerian aztertu zigun medikua zela zioen gizonezko batek, beste batek guztia filmatzen zuen bitartean. Hainbat soldadu argazki kamerekin ere sartu ziren gela hartara, argazkiak ateratzera, eta beste askok txisteak egiten zituzten, barre algaren artean gurekin zer egingo zuten esanez». Salwa el-Hosseini militarren beste biktima bat izan zen, eta berak ere ordura arte Egipton ezagutzen ez zuten praktikaren berri ematea erabaki zuen. «Guk dakigunez, lehen aldia da emakumeak birjintasun probak egitera behartzen dituztela espetxeetan; baina, zoritxarrez, emakumeak iraintzea oso praktika zaharra da herrialdean», kontatu du Amal Abdel Hadi Emakumezkoen Elkarte Berriko buruak.

Gerora, armadako jeneral batek birjintasun probak egin zituztela onartu zuen CNN telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. «Militarrek bortxatu egin zituztela esan ez zezaten» egin zituzten proba horiek, jeneralaren hitzetan. «Emakume horiek ez dira zure edo nire alabak bezalakoak; gizonezkoekin kanpadendetan egon dira», esan zion kazetariari. Emakume horiek jasan zuten tortura eta umiltzea gizarteari Junta Militarrarekin bat ez etortzea onartuko ez zutela esateko modua izan zela uste du, berriz, Mona Hamed Indarkeriaren Biktimak Birgaitzeko Zentroko psikologoak.

Atzo, berriz, ehunka lagun bildu ziren auzitegiaren kanpoaldean Ibrahimi eta Mohamedi babesa emateko. Epaileak birjintasun probak debekatu izana ospatu zuten, eta gobernu militarraren dimisioa eskatu zuten, beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.