Gizonezko batek 49 urteko emakumezko polizia bat hil du labana batekin Frantziako Rambouillet hirian, Paristik 60 bat kilometrora. Gaur gertatu da erasoa, 14:20an. Beste polizia batek tiroz hil du erasotzailea, Fiskaltzak zabaldu duenez.
Erasoaren lekuan bertan hil da polizia. Frantziako hedabideek zabaldu dutenez, erasotzailea polizia etxearen aurretik pasatu da hainbat aldiz, telefonoa eskuan. Biktima egoitzara sartzera zihoanean, haren atzetik joan da, eta, horren bidez, segurtasun ate bikoitzaren sistema gainditu du. Orduan, labana sartu dio poliziari, haren lankideen aurrean. Haietako batek bi tiro egin ditu erasotzailearen kontra.
Le Monde hedabideak aipatzen dituen lekukoen arabera, erasotzaileak «Alahu akbar!» egin du oihu. Edonola ere, nabarmendu dute lekukook kalean zeudela, gertaeraren lekutik metro batzuetara. Poliziak adierazi du oraindik ez dakiela zergatik gertatu den erasoa.
Adierazi dute erasotzaileak Tunisiako herritartasuna zuela. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak hartu du ikerketaren ardura.
Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Jean Castex lehen ministroa joan dira gertaeraren lekura, 16:30ak aldera. Castexek mezu bat idatzi du Twitterren: «Errepublikak egunerokoaren heroietako bat galdu berri du», adierazi du.
La République vient de perdre l’une de ses héroïnes du quotidien, dans un geste barbare et d’une infinie lâcheté.
— Jean Castex (@JeanCASTEX) April 23, 2021
À ses proches, je veux faire part du soutien de la Nation tout entière.
À nos forces de sécurité, je veux dire que je partage leur émotion et leur indignation.