Tunisia. Matxinadaren osteko lehen hauteskundeak

Emoziorik gabeko bozak

Konstituzio berria idatziko duen Batzarraren egituraketa aukeratuko dute gaur Tunisiako hauteskundeetanUrtarrilean Ben Ali boteretik bota zuen iraultzaren espiriturik ez da nabari kalean

Ane irazabal
Tunis
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Udaberri Arabiarraren sorburuak, iraultzaren balioa erakusteko froga izango du gaur, hauteskundeen bidez. Hiriburuko kaleetan sumatzen den giroak, ordea, ez du hala adierazten. Bozen aurreko egunak ez dira emozioz jantzi Tunisen.

Zine el Abidine Ben Ali boteretik bota zuten hiritarrek hoztasunez begiratzen diote testuinguru politikoari, agian, lehenengo pauso horrek ekarri dituen aldaketa murritzen ondorioz. Hiritarren parte hartze eta zirrara falta argi ikusten da, estatistikei erreparatuz gero. Bozetara deituta dauden ia 11 milioi biztanletik, erdia bakarrik erregistratu da erroldan. Mundu zabalean bizi diren tunisiarrek atzo bozkatu zuten dagoeneko.

Gizartearen jarrerak, ordea, kontraesana planteatzen du hauteskundeetara aurkeztu diren alderdien kopuruarekin. 100 alderdi baino gehiago —gehienak iraultzaren ostean sorturikoak— eta 16.000 hautagai aurkeztu dira gaurko bozetara. Eraikinetako paretetan, hautagai guztien kartelak ikus daitezke, ilara amaigabean. Bitartean, armadaren presentzia nabaria da Habib Bourguiba bulebarraren inguruko ministerioen aurrean, eta informazio zentro guztien inguruan, mundu zabaletik etorri diren behatzaileen presentzia sumatu daiteke.

Estatua eta erlijioa

Ostiralean, hauteskunde kanpainaren amaiera izan zen, eta alderdi gehienak jende asko biltzeko gai izan ziren. Tokiko hedabideen arabera, Ennahda —pizkundea, arabieraz— alderdi islamista moderatuak bildu zuen jarraitzaile gehien. Azken inkestek diotenez, bozen %30 eskuratu dezake orain arte antolatzeko gaitasun handiena erakutsi duen alderdiak. Ennahdak hiriburuko auzo periferikoak eta eskualdeko hiriak ditu feudo nagusi, eta «islamismo ireki» baten eran definitzen du bere programa. Azken egunotan, berriz, polemika piztu da, izan ere, zenbait ekintzaile laikok kritikatu dute botoak erosten ibili dela diru asko ongintzara bideratu duelako. Ennahdako ordezkariek, ordea, «Islamean ohikoa den karitatea» dela argudiatzen dute.

Nolanahi ere, beste zenbait alderdik lortu dute oihartzuna. Ettakatol —zentro ezkerra—, Polo Modernista Demokratikoa —komunista ohiak— edota CPR Errepublikarako Kongresua —zentroa— alderdiek ere babes handia dute, batez ere, hiriburuko gazteen artean: «Ennahda izan zen Ben Aliren kontra sutsuen aritu zena, eta, horregatik, konfiantzazko botoa emango diote askok», nabarmendu du Garnahurik, iraultza gogorarazten duen Urtarrilak 14 enparantzan. «Halere, hiriburuan erabakigarria izango da gazteen botoa, eta badirudi joera ezkertiarrago baten aldekoak direla».

Egunotan, laikoen eta erlijiosoen banaketa aski erabili dute alderdiek, batzuen eta besteen izena zikintzeko. Joko horretan, emakumeen rola da gairik errepikatuena. Hauteskunde kanpaina aktiboki jarraitu du Nurak eta hala ikusten du: «Programak antolatu dira islamismoaren garaipenak ekar ditzakeen eskubideen murrizketen inguruan, herrialdeak pairatzen dituen bestelako arazo larrietan erreparatu gabe». Berdintasunaren ideia, hauteskunde legearen oinarrietara iritsi da, eta zerrenda bakoitzak gizonezko eta emakumezko kopuru bera izatea derrigortu du. Dena den, zerrendan lehenak doazen emakumeak soilik %5 dira.

Tareek Txiabunni ekintzaileak banaketa nabaria ikusten du hauteskundeen dinamikan: «Kanpaina guztia nortasunaren inguruan oinarritu da. Guztiz banatuta dauden bi polo daude, guk islamista eta modernista bezala definitzen ditugunak. Alde batetik, Ennahda dago, eta, beste alde batetik, guztiz sakabanatuta dauden gainerako alderdiak».

Banaketa hori argi geratu da azken egunotan, Tunisiako telebistak erakutsi zuen Persepolis filmaren harira. Talde islamistek haserrea erakutsi dute, filmean Alaren errepresentazio ikonografikoa agertzen delako. Islamistak «minduta» agertu dira, eta zenbait protesta ere antolatu dituzte horren harira.

Eta gero, zer?

Batzar Konstituzionalak, diktaduraren oinordeko diren arazo kronikoei egin beharko die aurre, herrialdeak pairatzen duen langabezia tasa handia, ustelkeria eta eskualdeen araberako desberdintasun ekonomiko eta sozialak kasu. Halere, kalean gehien errepikatzen den ideia da tunisiarrek politika egitera itzuli behar duteela eta herrialdearen berreraikitze prozesua gidatu beharko dutela: «Hamarkada luzeetako diktaduraren ostean, hiritarrak ez gaude eztabaidatzera ohituta, eta denbora pasako da gure eskubideak zeintzuk diren sinesten dugun arte», adierazi du Omezzinek.

Batzarraren lehentasuna, ordea, Tunisiako konstituzio berria ezartzea izango da. Urtebeteren buruan, konstituzioa prest izan beharko dute. Ondoren, parlamenturako eta udaletarako bozetara deituko dituzte biztanleak. Konstituzioaren kutsua, bozek erabakiko dute, hau da, estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa argia nahi dutenen eta islamaren eragina politikako zenbait espektrotara eraman nahi dutenen artean. Txiabunnik argi dauka: «Batzarrak ezarri beharko ditu demokraziaren arauak, baina horretarako argi izan behar dugu zer-nolako errepublika sortu nahi dugun».

Badirudi, alderdi batek ere ez duela gehiengo osoa eskuratuko, beraz, zentroko aukera gisa jotzen direnek izango dute batzarraren izaera definitzeko giltza. Dagoeneko, CPRk Ennahdari dei egin dio, berarekin bat egiteko. Ikusi beharko da batzarreko 217 aulkiak nola banatzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.