Mundua

Enplegua sortzea duela lehentasun adierazi du Obamak urteko hitzaldi nagusian

Neurri ekonomikoak eta barne politika izan dira mintzaldiaren ardatza. Atzerriko auziak, berriz, bigarren mailan geratu dira. Nolanahi ere, Irakeko gerraren amaiera hurbil ikusten duela agertu du AEBetako presidenteak.

2010eko urtarrilaren 28a
13:58
Entzun
Urteko hitzaldi garrantzitsuena egin zuen atzo (bart goizaldea Euskal Herrian) Barack Obama AEBetako presidenteak; hain zuzen ere, Batasunaren egoerari buruzko mintzaldia egin zuen Kongresuan. Jite horretako hitzaldia zuen, eta agintea hartu eta urtebetera egin du, inkestak kontra dituen unean.

Hain justu, estatu batuarren kezka nagusiei erantzutea izan da analisten arabera Obamaren mintzaldiaren xedea, eta horretarako arazo ekonomikoak eta barne politika izan ditu ardatz. Bereziki enplegua sortzeko ekimenetaz aritu da, lehentasuna horixe duela azpimarratuta. Besteak beste, proposatu du 30.000 milioi dolar bideratuko dituela finantza salbamendurako, hartara banku txikiek enpresei maileguak eman diezaizkien eta enpresek jendea kontrata dezaten. Bost urtean esportazioak bikoiztuko dituela ere agindu du Obamak.

Massachusettseko senataria galdu ondoren auzitan geratutako osasun sistemaren erreformaz ere aritu da,eta osasun zerbitzurik gabeko herritarrak ez dituela babes gabe utziko agindu du eta zede horretan berekin bat egiteko eskatu die kongresuko kideei. Guztira 70 minutu iraun du AEBetako presidentearen hitzaldiak, eta denbora horren bi heren ekonomiaz eta barne politikaz aritzeko baliatu ditu.

Atzerri politikari dagokionez, Ipar Korearen eta Iranen programa nuklearrak aipatu ditu eta ondorio txarrak izan ditzaketela ohartarazi die bi herrialde horiei. Halaber, Irakeko gerra amaitzear dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.