Entzungor manifestazioei

Errusiako Parlamenturako bozak ez direla berriz eginen berretsi du Putinek, eta oposizioaren «batasun falta» kritikatu duKremlinen arerioen erronka da martxoko bozak arte karrikan presioa mantentzea

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Eguberri bezperan karrikara atera ziren manifestariei erantzun argia eman die Vladimir Putin lehen ministroak, aitzinetik errandakoa berretsiz: ez dituzte Dumarako —Errusiako Parlamentua— hauteskundeak errepikatuko. Joan den asteko gertakarietan oinarritu du berrespena: «Parlamentuko talde guztiak lanean hasi dira jada. Duma funtzionatzen ari da. Bere presidentea hautatua izan da dagoeneko». Izan ere, Duman dauden oposizioko hiru alderdiek, iruzur salaketekin bat egin arren, ez diote boikota egin parlamentuari, eta bozen emaitzen arabera dagozkien jarlekuak hartu zituzten iragan abenduaren 21ean. Alderdi horietako hautagaiek zin egin dute heldu den martxoko presidentetzarako bozak irabaziz gero, Duma deseginen dutela hauteskundeak berriz egiteko. Putinek erantzun die, ordea, bozak errepikatzeko bide bakarra auzitegietara jotzea dela.

Iragan larunbateko manifestazioen ondoren Putinek egindako lehen adierazpenak izan dira atzokoak, ARPF Errusia Guztirako Herri Frontea plataformaren bileran. Presidentetzara Errusia Batua alderdiak sustatutako plataforma horrekin aurkeztuko da Putin. Oposizioa gogor kritikatu du lehen ministroak; «arlo publikoan» gertatzen den guztiari «zilegitasuna kendu eta debaluatu» egiten dutela salatu du, «bereziki hauteskunde prozesuei». «Beti dago horrelako jendea, egon izan da, eta egonen da». Oposizioko taldeen ahalmena ere gutxietsi du Putinek, «programa bakarra» eduki beharrean «anitz» dituztelako. «Haien helburuak lortzeko ez dute metodo argi eta ulerkorrik, eta ez dute deus zehatza egin dezakeen liderrik». Hala ere, «existitzeko eskubidea» onartu die. «Errespetuarekin tratatu behar direla uste dut».

«Gardentasuna»

Hurrengo hauteskundeetan «gardentasuna» bermatzeko hainbat keinu xume iragarri ditu Putinek. Adibidez, hautestontzi gardenak paratuko dituzte. Interneten ere eztabaida bat irekitzeko asmoa agertu du lehen ministroak, «proposamen eraikitzaileak entzuteko». Duela bi aste ere horien antzeko bertze neurri bat proposatu zuen: hauteslekuetan web kamerak paratzea, bozketak zuzenean Internet bidez jarraitu ahal izateko.

Presidentetzarako hautagai nagusiak iragarritako aldaketek kutsu kosmetikoa dute. Teorian, sakonagoak dira Dimitri Medvedev presidente eta Putinen alderdikideak iragan astean jakinarazitakoak. Proposamenen artean dago, adibidez, eskualdeetako gobernadoreak eta errepublika federaletako presidenteak berriz ere bozen bidez hautatzea. 2004an Putinek, presidente zela, arau hori aldatu zuen, eta ordutik Kremlinek zuzenean hautatu ditu eskualdeetako agintariak. Botere zentrala indartzea zuen helburu neurri horrek. Dumarako bozetara aurkezteko alderdiei ezarritako sinadura bilketa bertan behera uztea ere proposatu du Medvedevek, eta «estatuaren edo jabeen esku hartzerik izanen ez duen» telebista publikoa sortzea. Neurri horiek indarrean paratzea Putini egokituko zaio, ezusterik ezean, presidente izanen baita berriro. Hala ere, estatuko buruzagitza berriz lortuz gero, iragarria du Medvedev jarriko duela lehen ministro.

Eskaria mantenduz

Larunbatean Moskun eta Errusiako bertze hainbat hiritan karrikara atera ziren manifestariak, baina, ez ditu asebete Medvedeven iragarpenak, eta hauteskundeak errepikatzeko eskariarekin segituko dute oraingoz. Larunbaterako bertze elkarretaratze handi bat prestatzen hasi dira aitzinekoak deitu dituzten taldeak. Presidentetzarako hauteskundeetarako hiru hilabete falta dira oraindik, eta Kremlinen arerioen erronka zaila da karrikako presioa mantentzea. Azken bi egunetan, adibidez, ehunka lagun bildu dira Moskuko erdigunean Sergei Udaltsov ezkerreko militantearen askatasuna eskatzeko. Udaltsovi hamar eguneko espetxealdia ezarri nahi diote, Poliziari aurre egin izana leporatuta. Udaltsov ospitalean dago, hainbat gose grebek utzitako ondorioengatik, eta erabakia heldu den urte hasierara gibelatu du epaileak. Udaltsov aurten hamalau aldiz atxilotu dute protestetan parte hartzen ari zela.

Putin karrikak presiona dezake, baina ez du uste presidente izateko arazorik izanen duenik, alde batetik, azken hamarkadan sistema politikoa bere neurrira ongi harilkatu duelako, eta, bertzetik, oposizioa hagitz anitza delako. Batasun eza Putinek ustiatutako argudioa da. Duman dauden oposizioko hiru alderdiek ideologia aski ezberdinak dituzte: KPRF komunista da, Bidezko Errusia sozialdemokrata, eta Alderdi Liberal Demokratikoa muturreko nazionalista. Iruzur salaketak goiti-beheiti, abenduaren 4ko bozetan komunistak hazi ziren gehien, 57 jarlekutatik 92ra, baina Errusia Batuaren 238tik hagitz urruti. Iragan abenduaren 21eko protesta ekitaldi batean, ordea, hiru alderdietako ordezkariei txistu egin zieten, Dumako jarlekuak onartu zituztelako.

Izan ere, Kremlinen aurkako manifestari guztiak ez dira hiru alderdien jarraitzaileak. Ideologia anitzeko talde eta norbanakoak daude, bai ezkerrekoak, bai Mendebaldeko sistemaren aldekoak, ekologistak... Protestetan nabarmendu den liderretako bat Alexei Navalni blogaria izan da, azken urteetan ustelkeria kasuak salatzeagatik ospetsu egin dena. Hil honetan bi astez preso eduki dute Udaltsoven espetxe berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.