Katalunia

Epaiaren zain, Santseko tren estazioa hartu dute protestariek

Bihar edo etzi espero da epaia, baina hainbat filtrazio izan dira, eta jakintzat ematen da zigorra jasoko dutela lider subiranistek. Gaur, Santseko tren geltokian protesta egin dute hainbat lagunek, eta polizia haiek banaka atera ditu. Kanpoan jendetza bildu da.

Protestariak geltokian eserita. @ANCENGLAND
2019ko urriaren 13a
14:03
Entzun

Bartzelonako tren estazio nagusian sartu eta lurrean eseri dira ehun bat lagun, Picnic per la Repúblicaren deialdiari erantzunez. Ez da jende gehiago sartu, Mossoek geltokia itxi dutelako horixe eragozteko. Nolanahi ere, saiatu diren arren, ez dute lortu eserialdia geldiaraztea.

Preso politikoentzat askatasuna eskatu dute manifestariak. Erresistentzia baketsua praktikatu dute, eta poliziak banaka atera ditu haiek. Batzuk arrastaka eta bultzaka ere bai. "Lotsa, lotsa" oihu artean atera dituzte. Azken taldetxoak bere kabuz ateratzea erabaki du.

Kanpora eraman dituztenek jendetza zuten han zain han. Txaloka hartu dituzte, eta erreferendumaren inguruetan hainbeste entzun zen "Els carrers seran sempre nostras" (kaleak beti gureak izango dira) oihua ere entzun da.

Elkarretaratze handia osatu da han, eta Els segadors ere abestu dute.

Danak atera dituztenean, manifestariak joan egin dira, protesta oihu artean. Espainia Plazarantz jo dute. Manifestazio inprobisatuan, hirian zehar ibili dira, eta 13:30ak aldera amaitutzat eman dute mobilizazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.