«Epaiketa zibilak sinesgarriagoak dira»

Guantanamoko preso baten aurkako lehen epaiketa zibilari ekin diote aste honetan. Eviatar han izan da, eta aurrerapausotzat jo du epaiketa militarra beharrean zibila izatea, baina bakarra izatea salatu du.

New York
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Human Rights First erakundeko lege eta segurtasun programetako arduraduna da Daphne Eviatar. Giza eskubideen alde lan egiten duen erakunde horretako kidea izateaz gain, abokatua eta kazetaria ere bada -The New York Times eta Washington Post-en argitaratu izan ditu lanak-. Ahmed Khalfan Gailani Guantanamoko preso ohiarenaurkako epaiketara joaten ari da egunotan; aurreneko epaiketa zibila da. Goizeko saio «astun eta teknikoa» amaitu eta arratsaldekoa hasi aurreko tartean erantzun die BERRIAren galderei.

Guantanamoko preso ohi baten kontrako lehen epaiketa zibilari ekin diote aste honetan. Zer esan nahi du horrek?

Aurrerakuntza garrantzitsu baten seinalea da. Epaitegi zibilak askoz ere sinesgarriagoak dira, bai AEBetan eta bai mundu zabalean ere. Zoritxarrekoa da Guantanamon urte luzeetan epaiketarik gabe preso gehiago egonda bakarra izatea. Baina tira, horregatik diot seinalea dela, eta hasiera bat besterik ez. Honen ostean gobernua seguruago sentitzea espero dut, eta preso gehiagorekin gauza bera egitea.

Terrorismo ekintzak egin izanaz akusatutako presoei epaiketa zibilak egiteko eskatzen duzue. Zergatik?

Lehendabizi, sinesgarriagoak direlako. 200 urte baino gehiagoko epaiketa zibilen historia daukagu AEBetan; eskarmentua duten abokatuak eta fiskalak daude, terrorismo kasuetan hamarkada askotan aditu bihurtu direnak; errespetu handia diegun epaileak dauzkagu... Horregatik diotsinesgarritasuna dutela epaiketa hauek.Urte askotako esperientzien ondoren, herrialde honen marka eta ezaugarri dira.

Zein da epaiketa militarren arazoa?

Sistema militarrean arazoa da terrorismo delituak epaitzeko sortutakosistema berria dela eta errazago zigortzeko sortutako sistema bat dela. Pentsa, ez dakigu oraindik konstituzionalak diren ere. Arauak berriak dira, epaileak ere galduta ibiltzen dira, eta gero ez dira epaiketa publikoak; gure sistemaren beste alderdi garrantzitsua da hori,edonork ikus ditzakeela epaiketak! Guantanamon ezin duzu hori egin. Baimen berezia behar duzu hara joateko, oso jende jakinari bakarrik uzten zaio hara sartzen; atxilotutako norbaiten abokatua izan behar duzu, kazetaria edo erakunde jakin batzuetako kidea.Kaleko jendea ezin da hara joan, ez eta biktimek edo familiakoek eta gertukoek ere. Ondorioz sortzen den egoera honek guztiak ere sinesgarritasuna galtzea ekartzen du. Horregatik uste dut batzorde militarretan epaitzea ez dela batere egokia.

Zenbait momentutan, ordea, azken erabaki honekin ados ez daudenek zalaparta sortu dute. Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?

Benetan esango dizut, gehienei ez zaie inporta. Gure elkartekook galdeketa bat egin genuen kalean: ustezko terroristak hemen dauzkagulako arduratuta zaude? Eta ezetz, ez zeudela arduratuta erantzun ziguten gehienek. Baina egia da irailaren 11ko atentatuekin zerikusia izandako herritarren kasuan oso kontserbadoreak diren zenbait talde antolatu egin direla eta protestak egin dituztela. Hemen antzeko 400 kasu dauzkagu eta inor ez da arduratzen horietaz, baina histeria modukoa sortu nahi izan dute. Atzean arrazoi politikoak daudela uste dut, eta Barack Obamaren gobernuaren aurka egiteko modu bat dela. Beste zenbait esparrutan, langabeziarekin, ekonomiarekin, garapenenarekin, haserre dagoen lagun asko dago, baina arazoa ez da epaiketak hemen egitea. Eta, ikusten duzun bezala, ez dago inolako arazorik epaitegi aurrean. Dena lasai dago.

Obamaren gobernuarentzat test modukoa al da?

Baietz uste dut, orain gauzak ondo joateak antzeko epaiketa gehiago egitea esan nahiko lukeelako.

Lewis Kaplan epaileak erabaki berri du fiskalak ezingo dituela CIAk torturen bidez lortutako testigantzak erabili. Zer iritzi duzu?

Erabaki egokia da. Epaitegi federaletan epaileak oso serioak diren seinale da hori. Beren lana eta legea oso serio hartzen dituzte. Eta legea esparru honetan oso argia da: torturapean lortutako testigantzak ez dira onargarriak. Horregatik uste dut oso ongi hartutako erabakia dela. Eta uste dut gobernuak ere ez liokeela erabaki honihelegitea jarri behar.

Zenbat preso ote daude Gailaniren egoera berean?

Gobernuak dio Guantanamoko 35-40 preso ingururekin gauza bera egin nahi duela. Beraz, horiek izan litezke epaiketa zibila jaso dezaketenak.

Guantanamok itxita egon behar luke?

Bai. Ez dago arrazoirik zabalduta edukitzeko, eta ez dago arrazoirik AEBetatik kanpora halako presondegi bat izateko. Urteko 125 milioi dolarreko kostua du hura mantentzeak. Eta guk herrialdean zehar badauzkagu nahikoa presondegi.

Zenbat preso daude une honetan?

175 eta 180 preso inguru.

Eta zein da haien egoera?

Gure erakundeari ez zaio baimenik eman presondegia ikustera joateko. Gobernuak zenbait komunikabideri eta erakunderi baimena eman izan die eta kartzelako alderik atseginenak erakutsi izan dizkiete: presoek nola hartzen dituzten pintura klaseak, esate baterako... Baina ez diete utzi presoekin hitz egiten. Hala ere, zenbait abokatu militarrek eta zenbait atxiloturen abokatuek diotenez, duela urte batzuk baino askoz ere egoera hobea dago.

Eta tortura kasuak...

Ez dugu halako salaketarik jaso azkenaldian. Gurutze Gorriarekin eta halako erakundeekin hitz egin ostean, esan dezakegu momentu honetan ez dela torturatzen.

George Bushen agintaldian ehunka atxilotu torturatu zituztela erakusten duten dokumentuak daude. Galdeketetan zenbait lagun hil ere egin zirela salatu dute. Ari al zarete hori ikertzen?

Bai, noski. Zer gertatu zen jakin nahi dugu eta erantzuleak nortzuk izan ziren. Baina oso zaila da hau guztia, tartean politikariak daudelako. Horregatik, batzorde inpartzial bat sortzea gustatukolitzaiguke; Guantanamon egin ziren gehiegikeria guztiak ikertuko dituena, zer gertatu zen aztertuko duena, testigantzak entzun eta jasoko dituena eta guztioi han gertatukoa ulertzen lagunduko diguna. Bestalde, nazioarteko legeen arabera, gobernuak kalte-ordainak eman beharko lizkieke presoei. Baina, zoritxarrez, AEBetako Gobernuak ez du halako ezer egin; ez eta ezer abian jarri ere orain arte bide horretan. Esparru honetan lanean jarraitzen dugu, baina ez dakigu zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.