auzitegiak

Epaileak 8,1 milioi euroko bermea jarri dio Espainiako erregearen suhi Urdangarini

Balearretako Gobernuko diruaz modu ilegalean jabetu izana egozten dio 'Noos auziko' inputatuari.

2013ko urtarrilaren 30a
18:16
Entzun

Jose Castro Palmako Auzitegiko (Balear uharteak, Herrialde Katalanak) epaileak 8,1 milioi euroko bermea jarri dio Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregearen suhi Iñaki Urdangarin Noos auziko auzipetuari (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968), ustezko ustelkeriagatik. Diego Torres Noos Institutuko kide ohiari ere kopuru bera ezarri dio. Hain zuzen, bazkideak ziren Urdangarin eta Torres erakunde hartan.

Epaileak bost eguneko epea eman die bermea ordaintzeko. Fiskaltzak eta Manos Limpias herri akusazioak berme horixe eskatu zuten bi haientzat.

Balearretako Gobernuko diruaz modu ilegalean jabetu izana egozten dio Urdangarini epaileak. Horrek iazko otsailaren 6an deklaratu zuen lehenengo aldiz Palmako Auzitegian Palma auzian. Noos-ekoa auzi haren parte bat da.

Duela urtebete Noos Institutua zenaren egoitza arakatzen aritu zen Espainiako Polizia. Fiskaltzak orduan zioen gobernuak Noosi emandako dirua Urdangarinen enpresen esku geratzen zela eta horiek "faktura eta aurrekontu faltsuak" egiten zituztela. Urdangarin izan zen Noosen presidentea 2005ean.

Balearretako Gobernuak institutuari 2005ean eta 2006an 2,3 milioi euro eman zizkion turismoari eta kirolari buruzko bi jardunaldi antolatzeagatik. Ikerketako arduradunek uste dute jardunaldien benetako kostuaren eta Noosi emandako diruaren aldea bi milioi eurorena dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.