ATXILOKETAK

Epaileak aske utzi ditu GRAPOrekin lotuta ostegunean atxilotu zituzten hiru lagunetatik bi

Javier Gomez Bermudezek bermea ordainduta laga ditu libre Manuela Ontanilla eta Vicente Sarasa. Juan Ramon Teijelo behin-behinean espetxera bidali du. Publio Cordon enpresaria bahitu izana leporatuta atzeman zituzten.

2012ko uztailaren 21a
18:33
Entzun

Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi ditu GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistarekin lotuta ostegunean atxilotu zituzten hiru lagunetatik bi: Manuela Ontanilla eta Vicente Sarasa, 10.000 eta 15.000 euroko bermea ordainduta.

Publio Cordon enpresariaren bahiketan parte hartu izana egotzita atzeman zituen Guardia Zibilak, Espainiako hegoaldean, Juan Ramon Teijelorekin batera. Gomez Bermudezek azken hori kartzelara bidali du, behin-behinean.

Cordon Previasa aseguru etxearen eta Quiron erietxearen sortzailea izan zen, eta 1995eko ekainaren 27an bahitu zuen GRAPOk haren etxearen kanpoaldean, Zaragozan (Espainia). Hilabete eta erdi geroago, Cordonen familiak 400 milioi pezetako (2,4 milioi euro inguru) erreskatea ordaindu zuen Parisen. Baina Cordon ez zen agertu. Espainiako Barne Ministerioak ostegunean esan zuen bahitu eta bi astera hil zen Cordon, Lyonen (Frantzia), bahituta zeukaten etxetik ihes egiten saiatzean.

Barne Ministerioak ostegunean jakinarazi zuenez, hiru atxilotu haiek 70eko hamarkadatik GRAPOko kide "historikoak" dira. 

Atzo GRAPOko ustezko beste kide bat auzipetu zuten Cordonen bahiketaren kasu berean: Maria Victoria Gomez. 2000. urtetik dute preso Caceresen (Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.