PP-ren ustelkeria

Epaileak deklaratzera deitu du PPko diruzain ohia, Suitzako 22 milioi euroengatik

Dena dela, Pablo Ruzek oraindik ez du ikusi loturarik diru haren eta PPko ezkutuko soldaten artean. Luis Barcenasek ukatu egin du ezkutuko ordainketak egin zizkiela Mariano Rajoyri eta alderdiko beste buruzagi batzuei. "Koadernorik ez da egon, eta ez da nire letra". Suitzan beste kontu bat aurkitu diote Barcenasi.

2013ko otsailaren 5a
21:06
Entzun

Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklaratzera deitu du Luis Barcenas PPko diruzain izandakoa, horrek Suitzan zituen 22 milioi euroengatik azalpenak eman ditzan. Hala ere, oraindik ez du diru haren eta PPko buruzagi batzuen ezkutuko soldaten arteko loturarik ikusi, auzitegiko iturriek esan dutenez.

Hilaren 25ean joan beharko du auzitegira Barcenasek. Ruz epaileak ordurako Suitzako batzorde baten itzulpena izatea espero du.

Gainera, epaileak auto batean esan du hark Suitzan beste kontu bat ere bazuela. Barcenasek amnistia fiskala hartu zuen, eta, horretarako, Suitzako kontu batetik 1,5 milioi euro ordaindu zituen.

Bihar Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren aurrean izango da PPko diruzain izandakoa.

"Koadernorik ez da egon, eta ez da nire letra"

Barcenasek berak ere ukatu egin du ezkutuko soldatak ordaindu zizkiela Mariano Rajoy Espainiako egungo presidenteari eta alderdiko beste buruzagi batzuei, eta dena "asmakeria" dela esan du bart, 13tv telebista katean egin dioten elkarrizketan. El País egunkariak Barcenasen ustezko koaderno bateko oharrak argitaratu ditu azken egunetan. "Koadernorik ez da egon, eta ez da nire letra", adierazi du PPko diruzain izandakoak. Prest azaldu da froga kaligrafikoak egiteko.

El País-en informazioaren arabera, ezkutuko ordainketen bidez 11 urtez segidan 25.200 euro jaso zituzten Rajoyk eta PPko buruek.

Barcenasek esan du PPri "jazartzeko" eta hura "eraisteko" kanpaina bat dela hau guztia, batez ere Rajoyren aurkakoa dela. "Boterera iristeko beste modurik ez dutenek" antolatutakoa izan da, haren ustez. 13tv-ko elkarrizketan ez da Barcenasen irudirik azaldu; ahotsa baino ez.

Rajoyk aitortu du badela egiarik

Larunbateko gauza bera esan zuen atzo Espainiako gobernuburuak PPren ustezko ustelkeriaz: "Faltsua da dena". Larunbatean Madrilen mintzatu zen, PPko zuzendaritzako kideen aitzinean; atzo, Berlinen, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ondoan zuela. "Dena faltsua" dela berretsi arren, aitortu zuen badela egiarik. Ez zuen zehaztu zer den benetakoa.

Egoera zailean da Rajoy, baina esan zuen gaindituko duela, gobernuan segitzeko "gogoa, ilusioa, indarra, adorea eta erabakitasuna" dituela azaldu baitu Alemaniako agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.