Madrilgo 10. Instrukzio Auzitegiko epaileak kartzelara bidali du gaur Josue E. de la H. Espainiako armadaren soldadu profesionala, igandean Madrilen bertan Legazpi metroaren geltokian labankada baten ondorioz 16 urteko gazte antifaxista bat -Carlos Javier Palomino- hil zuelakoan. Atzo, atxilotuta zela, galdeketa egin zioten soldaduari.
Armadako iturriek azaldu dute militar ibilbidea iaz abiatu zuela hark, eta harenganako kexarik ez dutela inoiz izan.
Josue E. de la H. igandean, antza, Demokrazia Nazionala talde neonaziak antolatutako elkarretaratze batean parte hartzera zihoan, etorkinen kontra egitera, eta bidean, labankada batekin berak hil zuen nerabe antifaxista, epailearen arabera. Soldaduak beste hiru lagun zauritu zituela ere badio epaileak; haietako bat larri eraman behar izan zuten erietxera.
Atzo manifestazioa egin zuten Madrilen, hilketa gaitzesteko. Espainiako Poliziak segurtasun indarrak areagotu zituen, liskarren beldur. Igandean, nerabearen hilketaren berri izan zutenean, kalera jo zuten hainbat lagunek, eta borrokak izan ziren.
Mundua
Epaileak kartzelara bidali du Espainiako armadaren soldadua, nerabe antifaxista hil duelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu