Kataluniako Auzitegi Nagusiak ikerketa bat abiatu du 2017ko urriaren lehenean segurtasun indarren artean egondako aginte katea zein izan zen argitzeko. Horretarako, independentziari buruzko erreferendumean izandako indarkeria aztertzen ari den epailea Espainiako Segurtasun Idazkaritzari eta Espainiako Poliziari mintzatu zaie, egun hartan operazioan parte hartu zuten funtzionarioen inguruko informazioa eman diezaioten. Halaber, bozketaren aurreko egunetan operazioa prestatzeko izan zituzten bileretako aktak ere eskatu ditu, aginduak nork eman zituen, nola eta zer irizpideren arabera egin ziren argitzeko.
Auzitegia berrogei polizia aztertzen ari da orain, eta, hurrengo asteetan, zortzi inspektore nagusi deitu ditu deklaratzera. Jada deklaratu duten polizien arabera, esku hartzeko unitate bateko buruen aginduak betetzen zituzten, baina ez dute zehaztu nortzuk ziren unitatearen arduradunak. Horrenbestez, orain arte ezin izan da identifikatu herritarren kontrako oldarraldia agindu zuen erantzulerik.
Marc Serrak, Bartzelonako herritarren eskubideen eta partaidetzaren zinegotzi denak, Twitterren jakinarazi du udalak berak aginte katearen inguruan egindako eskakizuna onartu duela epaileak. Izan ere, Bartzelonako Udala, egun hartan zaurituak izan ziren hainbatekin batera, herri akusazio gisa aurkeztu da 2017ko urriaren lehenean Bartzelonako eskoletan izandako oldarraldiak aztertzen dituen epaiketan. Serrak txio barean adierazi du ''U-1ean Bartzelonan izan ziren oldarraldiengatik justizia lortzeko beste aurrerapauso bat'' dela.
🔴 Un altre pas endavant per aconseguir justícia per les càrregues de l'#1oct a BCN. El Jutge dóna la raó a @bcn_ajuntament i ordena a Interior que identifiqui tota la "cadena de mando". Ho expliquem a aquí:https://t.co/P3dCyCTHYepic.twitter.com/qTCXJWJV2I
— Marc Serra Solé (@MarcSerraSole) September 18, 2019
Kataluniako Generalitateak antolatutako bozketan ia 2,3 milioi lagunek parte hartu zuten, hau da, herritarren %43k, eta, hura antolatzearen ondorioz, hainbat agintari politiko —espetxean preso daudenak— epaituak izaten ari dira matxinada, desobedientzia eta ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea leporatuta. Carles Puigdemot Kataluniako presidente ohiak Espainiatik ihes egin behar izan zuen, hain zuzen ere, erreferenduma modu ''biolentoan'' antolatu eta gauzatzeagatik epaitu behar baitzuten. Erbestean dira beste parlamentari ohi batzuk ere.
Hamar mila polizia baino gehiago bidali zituzten Kataluniara, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilen artean, eta, osotara, 87 milioi euro kostatu zen bozketaren kontrako polizia operazioak. Sareetan eta komunikabideetan ehunka bideo eta argazki ikusi ahal izan ziren egun haietan, Espainiako indarrek, bozkatzera gerturatu, eta bozkalekuak babesten ari zirenen kontra erabilitako bortizkeria agerian uzten dutenak.