Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak uko egin dio, denbora luzez, konfinamendu neurririk indarrean jartzeari, horrek ekonomiari kalte egingo liokeela argudiatuta. Politika horren ondorioz, Brasil da munduko herrialderik kutsatuena, Ameriketako Estatu Batuen ondoren. Han, dagoeneko, 37.000 pertsona baino gehiago hil ditu birusak, eta kutsatu kopurua gora eta gora ari da.
Egoera ezkutatu nahi izatea leporatu diote Bolsonarori. Izan ere, joan zen larunbatean erabaki zuen datu estatistiko historikoak kentzea Osasun Ministerioaren gunetik, eta berriz ez argitaratzea pilaturiko heriotza edo kutsatu kopuruak.
Atzo gauean, Brasilgo hedabideen arabera, Auzitegi Nagusiko epaile Alexandre de Moraesek 48 ordu eman zizkion Bolsonarori berriz ematen hasteko datu guztiak. Oposizioko bi alderdik jarri zuten salaketa presidentearen erabakiaren aurka.
Horrez gain, Fiskaltzak gaur arte eman zion Osasun ministro Eduardo Pazuello jeneralari azaltzeko zergatik erabaki zuten ostiraletik datuak beste modu batean ematea.
Atzo bertan, Brasilgo hedabide nagusietako batzuek iragarri zuten kazetari talde berezi bat antolatu dutela gobernuak ukaturiko datuak azaleratzeko. Lehengo zenbaketan, Brasilen diagnostikaturiko infekzioak 710.887 zirela argitaratu zuten, eta hildakoak 37.312. Bakarrik AEBek dituzte kutsatu gehiago, eta heriotza kopuruan hirugarren herrialdea da Brasil, AEBen eta Erresuma Batuaren ondoren.
Bolsonarok kazetarien kontra jo du, eta «izua» zabaltzea leporatu die.