KataluNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Erabakia, behingoz eskura

"Bozkatu nahi dugu". Hainbeste denboran aldarrikatutako eskubidea gaur gauzatuko dute, azkenean, katalanek. Ez, haietako askok nahi luketen moduan, independentziari buruzko erreferendum sinple eta bete beharreko baten bidez; baina, bai, aldaketa politiko zehatz eta erabakigarriak eragiteko moduan.

Junts pel Si-ko zerrendaburuak, Gironan eginiko ekitaldi batean, ostegunean. ROBIN TOWNSEND, EFE
Samara Velte.
2015eko irailaren 27a
00:27
Entzun

Gaurko bozetan dena dago jokoan: indar subiranistek erabaki dute emaitza plebiszitu bat balitz bezala interpretatzea, eta alderdi unionista nagusiek nahi gabe indartu dute banaketa hori, bloke sendoa osatu baitute independentziaren aurka. Emaitza interpretatzeko bi modu daude, ordea. Batetik, independentistentzako erosoena dena, parlamentuan diputatu gehiago lortzea; eta, bestetik, zailagoa baina garbiagoa litzatekeena, botoetan irabaztea.

Junts Pel Si zerrenda bateratuaren eta CUP ezker independentistako hautagaitzaren artean ez balituzte 68 parlamentari lortuko, argia izango litzateke galera: eginahal guztiak gorabehera, herritarrek ezezkoa emango liokete independentziari. Ez dirudi halakorik gertatuko denik, ordea. Bi sektore subiranistek —ofizialistak eta ezkerrekoak— kanpaina sendoa egin dute, eta inor gutxik jartzen du zalantzan bien artean nahiko aise lortuko dituztela 68 diputatu; horrek prozesuarekin jarraitzeko aski babes emango lieke behintzat.

Baliteke, ordea, diputatuetan bai baina boto kopurutan ez iristea erdira. Kataluniako Printzerria osatzen duten lau lurraldeak ez daude berdin ordezkatuta parlamentuan: Bartzelonan 85 diputatu aukeratzen dituzte, Tarragonan hemezortzi, Gironan hamazazpi eta Lleidan hamabost. Biztanleriaren araberako banaketa da, baina ez zorrozki proportzionala; Bartzelonan boto gehiago behar dira diputatu bat lortzeko, gainerako probintzietan baino.

Boto kopurutan irabazteko, ezinbestekoak dira hiriburuaren inguruko metropoli eremuko botoak. Gune horietan, tradizioz, Espainiako alderdiak izan ohi dira nagusi, baina biztanle askok ez dute botoa ematen. Azken urteotako datuetatik ondoriozta liteke parte hartzea handitu ahala eserleku gutxiago lortzen dituztela alderdi independentistek. Duela hiru urteko bozetan, %67koa izan zen, eta 1,7 milioi boto bildu zituzten, guztien %49; iazko azaroaren 9ko bozketa sinbolikoan, berriz, 1,9 milioi. Beraz, boto horiei eta 2012ko parte hartzeari eutsiz gero, hel litezke botoen erdietara. Oraingoz, posta bidezko botoarena da jakina den datu bakarra: duela hiru urteko bozetan baino %56 handiagoa izan da aurten, eta horrek iradokitzen du gaurko bozketan ere jende gehiagok joko duela hauteslekuetara.

Nor bere poltsan

Gogoan izateko moduko kanpaina izan da aurtengo bozen atarikoa. Alderdi independentistek lortu dute jendeari ulertaraztea ezohiko aukera bat dutela eskura, gaurko bozketan parlamentuaren osaera baino askoz gehiago dagoela jokoan. Horretarako, ezinbestekoa izan da hauteskundeetara elkartuta aurkezteko erabakia: Junts Pel Si zerrendarekin irudikatu dute bozetatik aurrera abiatu nahi duten herrialdea, alderdi subiranista nagusiek, independenteek eta gizarte zibileko erreferenteek elkar hartuta. El vot de la teva vida aukeratu dute lelotzat: zure bizitzako botoa.

Prozesuak derrigorrean batu ditu CDC eta ERC, urteetan elkarren aurka jardundako bi alderdi nagusiak. Ez gogo onez, ezta borondatez ere; ezinbestean moldatu behar izan dituzte euren interesetako zenbait prozesura, eta hori bera bada independentismoaren garaipen bat. Koalizioa gertuxeagotik behatzen duen edonor segituan ohartuko da haren barruko tentsioaz, baina, praktikan, duela urte gutxi inork irudikatuko ez zukeen irudia osatu dute. Publiko guztientzako moduko independentismo bat asmatu dute, diskurtso sozialdemokrata eta europazale bati helduta eta mobilizazio politikoari jai itxura emanda. Eta funtzionatu du: azken urteotan ez bezainbeste jende hurbildu da Junts Pel Siren ekitaldietara; herri galduenetan ere gainezka egin dute plazek.

Sekula ez bezalakoa izan da, halaber, ezker independentistaren kanpaina. Azken urteotan egindako lanaren ordaina heldu zaio orain CUPi: udaletan eta auzo batzarretan egindakoarena, baina, batez ere, parlamentuan jokatutako funtzioarena. Alderdi asanblearioa ikono bihurtu da Kataluniatik haragoko ezkertiarrentzat, eta independentismo ofizialistarekiko alternatiba kritiko gisa agertzen asmatu du; atzo, esaterako, printzerriko gainerako alderdiek hausnarketa eguna egiten zuten bitartean, CUPek Herrialde Katalanetako beste lurraldeetan egin zituen kanpaina amaierako ekitaldiak.

Ikusteko dago zenbat boto-emaile berri irabazi dituzten independentistek, baina ukatu ezin zaien lorpena da, behintzat, ez dietela utzi unionistei euren eremura sartzen. Boto poltsa berarengatik borrokan geratu dira Ciutadans, PP eta PSC: mobilizatu gabeko publiko ez independentistarengana baino ez dute jo, alderdi unionista guztiek «etorkin espainiar» gisa sailkatu dutena katalanismoarekiko frontea sortzeko asmoz.

Taktika hori Catalunya Si Que Es Potek ere baliatu du, diskurtso sozialean gainerako alderdietatik bereizi den arren. Kanpainako une gogoangarrienetako bat izango da Pablo Iglesias Podemoseko buruak alderdiaren ekitaldi batean «Andaluziako aitona-amonak eta Extremadurako gurasoak» dituzten katalanei dei egin zienekoa, ez zitezen ikusezin geratu. Catalunya Si Que Es Poten kalterako adierazpen entzutetsuenetakoa izan zen hura, eta ezker independentistak erruz baliatu zuen Iglesiasi bere etnizismoa leporatzeko; finean, nahiko baliabide eskasa delako Katalunian halako bereizketak egin nahi izatea.

Eta, jakina, historikoa izan da Madrildik heldu den erantzuna, edo, hobeto esanda, isiltasuna. Duela hiru urteko bozetan, Artur Mas presidentearen aurkako akusazioak argitaratu zituen Espainiako prentsak, eta askok ondorioztatu zuten horrek ere eragin zuela CiUk emaitza eskasagoa lortzea hauteskunde egunean. Aurtengoan zerbait larriagoa gertatuko zela espero zuten Junts Pel Sikoek, eta hala ohartarazi zuen Masek berak ere joan den igandeko ekitaldian. Madrildik, ordea, harrigarriki gutxi heldu da, ohiko mehatxuez harago. Espainiako Gobernua temati saiatu da nazioarteko agintarien adierazpenak lortzen Kataluniaren independentziaren aurka: Europako Batzordea, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa, Barack Obama AEBetako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra mobilizatu ditu unionismoaren aldeko zerbait esan zezaten; eta lortu duten adierazpen argiena Katalunia independentea Europako Batasunetik kanpo gera litekeela da.

Mehatxuek, ordea, ez dute zalantza handiagorik eragin; aitzitik, hainbat aste igaro dituzte arrisku horri buruz ohartarazten, eta azkenean Mariano Rajoy presidenteak berak frogatu du funts handirik gabeko espekulazioak direla, katalan askok luzaroan irriz oroituko duten bideo ezagunean: irrati bati emandako elkarrizketan nabarmen geratu da, aditzera emanez ez dakiela katalanek Espainiako naziotasuna galduko ote luketen independentzia lortuz gero.

I-28tik aurrera

Zailtasun handienak, nolanahi ere, barrukoak izaten dira, eta horiei astelehenetik aurrera heldu beharko diete alderdi independentistek. Espero izatekoa da elkarren beharra izango dutela edozein prozesu aurrera eramateko, eta eman beharreko pausoen inguruko ikuspegi aski desberdina dute Junts Pel Sik eta CUPek.

PPk bihar bertan du batzarra, baina litekeena da handik agerraldi publikorik ez ateratzea. Nolanahi ere, Rajoyk beranduenez asteazkenerako esan beharko du Kataluniari buruzko zerbait, PSOEk zein UDCk horri buruzko galderak prest baitauzkate Kongresuko saiorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.