•AEE. XIX. mende amaieran hasi ziren Amerikako estatuen arteko batasuna sortzeko lehen ahaleginak, eta horiek 1948an gorpuztu ziren Amerikako Estatuen Erakundearen sorrerarekin. 21 estatuk parte hartu zuten sorreran, eta gaur egun 34 dira; Kuba ez bertze estatu independente guztiak. Erakundearen helburua da kontinentean elkarrizketarako eta erabakiak hartzeko foro bat sortzea, eta, sorrerako agirian esaten denez, demokrazia eta giza eskubideak defendatzea.
•ALCA. 1990eko hamarkadan sortu zen ALCA, kontinente osoan merkataritza askea ezartzeko helburuarekin. AEBek bultzatutako ekimena izan zen, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna Argentinaraino hedatzeko asmoz. Berez Kuba ez bertze herrialde guztiak dira ALCAko kide, baina 2005etik erakundea galzorian dago, hainbat herrialdek ez dutelako bidezkotzat jotzenAEBek bultzatutako merkataritza eredua. Horregatik, AEBek merkataritzarako akordio indibidualak bilatzen dituzte.
•ALBA. ALCAren alternatibarako ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra sortu zuten hainbat herrialdek, Venezuelako presidente Hugo Chavezen gidaritzapean. Erakundearen helburua da Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeen artean elkarlan eta truke ekonomikoa bultzatzea, herrialde bakoitzaren gabeziak eta beharrak kontuan hartuz. Gaur egun zortzi kide ditu ALBAk.
•CELAC. 2010ean Amerikako 33 herrialdetako gobernuburuek sortu zuten Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa, AEBak eta Kanada gabe. Rioko Taldea izeneko kontsultarako eta itunerako estatu eta gobernuburuen taldeak sortu zuen. CELACen helburua da «estatu guztiak batuko dituen eskualdeko espazio propioa sortzea». AEEren alternatiba izateko itxura hartu du. ALBAko agintarien arabera, AEBen eta Europaren «zaindaritza» gainditzeko asmoa dute Latinoamerikak eta Karibek. Hiru goi-bilera egin dituzte oraingoz.
•Unasur. 2008an sortu zuten Hego Amerikako Nazioen Batasuna. Mercosur eta Andeetako Komunitatearen integraziotik sortua da, nahiz eta bi erakunde horiek indarrean segitu. Hego Amerikako herrialde guztiak biltzen ditu. «Hegoamerikar herritartasun nortasuna» sortzea, eta «eremuan integrazioa bultzatzea» du xede. Unasurren parlamentua Bolivian dago.
Erakunde nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu