«Ez». Labur eta argi erantzun zion Rupert Murdoch hedabideetako magnateak News of The World astekariaren entzuketen auziko erantzulea bera ote den galdetu zion parlamentariari. Hiru orduz deklaratu zuen Erresuma Batuko Parlamentuko Hedabideen Batzordean, James semearekin batera. Erantzukizun oro errefusatu zuten aita-semeek, eta gertatzen ari zenaz jakitun ez zirela ziurtatu zuten. «Zein da erantzulea?», galdetu zioten James Murdochi ere. «Galdera ona da, baina orduan ez genekien erantzuna». News International enpresan zeuden kargudunei egotzi zieten erantzukizuna. Horietako batek ere, Rebekah Brooksek, agerraldia egin zuen News Corporationeko —News International enpresaren jabea— ugazaben txanda bukatu zenean. 2000-2003 artean News of The World-eko zuzendaria izan zen, eta 2003-2009 artean The Sun egunkarikoa. Hala ere, berak ere entzuketen berririk ez zuela berretsi zien parlamentariei.
Irudi arras ezberdina erakutsi zuten aita-semeek Parlamentuko kideen aitzinean. Rupert Murdoch, munduko hedabide talderik handienaren jabea —eta ikus-entzunezkoen arloan bigarren handiena, Walt Disneyren gibeletik—, umilduta agertu zen, tarteka burumakur, maiz ahots ahularekin, eta atsekabetu itxurarekin. Haren semeak, ordea, aitaren abokatu gisa jokatu zuen anitzetan, parlamentarien galderek Rupert Murdochen erantzuna bilatzen zutenean aurre hartuz, eta hedabideen inperioarekin aitzinera segitzeko oinordeko baliagarria dela erakutsiz. Hainbatentzat, egoerak gainditutako 80 urteko zaharra, eta zailtasunei aurre egiteko prestatutako semea agertu ziren parlamentuan. Bertze anitzentzat, doi-doi ikasitako papera jokatu zuten.
«Egunik umiliagarriena»
Ustekabeak ere tokia izan zuen agerraldiaren bukaera aldera, lagun batek aretoan sartu, eta bizarra mozteko aparraz betetako platera jaurti baitzion Rupert Murdochi. Poliziek atxiki baino lehen, Rupert Murdochen emazte Wendi Dengek zaplaztekoa eman zion erasotzaileari. Gerora jakin zen umoregile bat zela, eta twitter bidez jakinarazia zuela ekintza. Jaka zikinduta, hedabideen magnateak atorra hutsean bukatu zuen agerraldia.
«Nire bizitzako egunik umiliagarriena da», adierazi zuen Rupert Murdochek agerraldia hasi eta berehala. News of The World-ek Milly Dowler neskatoaren familiaren mina «handitu» zuela jakitean «amorrua» sentitu zuela adierazi zuen. Dowler 2002an desagertu zen. News of The World-eko kazetariek haren telefonoko postontzian sartzea lortu zuten, eta hainbat mezu ezabatu zituzten, tokia egiteko. Horrekin, familiari neskatoa bizirik zegoen itxaropena sorrarazi zioten. Gerora jakin zen Dowler bahitu eta hil egin zutela. Kasu hori argitaratzeak leherrarazi zuen eskandalua hil honen hasieran.
Rupert Murdochek, baina, horren eta bertze milaka kasuren berririk ez izatea justifikatu du. «Ez nekien deus. Eta hau ez da aitzakia, azalpena baizik, izan ere, News of The World nire enpresaren %1 baino gutxiago da». «Azken erantzukizuna» berea ez dela erran du News Corporationeko nagusiak, baizik astekaria zuzentzeko «konfiantza» eman zien lagunena, eta, era berean, «haiek ere konfiantza eman zieten pertsonena». News of The World-eko zuzendariek «engainatu» egin zutela dio Rupert Murdochek.
Brooksek 2003an aitortu zuen kazetariek poliziei ordaindu egin zietela informazioaren truke. Horren berririk ez zuela erran du Rupert Murdochek. James semeak ere behin eta berriz sostengatu du aitaren ezjakintasuna. Bertzeak bertze, James Murdochek erran du aitak ez zekiela entzuketen biktima batzuei kalte-ordaina ordaindu zietela, auzia ahaztearen truke. Horien artean Gordon Taylor Futbolari Profesionalen Elkarteko zuzendari exekutiboa aipatu dute —The Guardian-en arabera 780.000 euro ordaindu zizkioten—. James Murdochek ordainketa horiek onartu izana aitortua du lehendik.
Aita-semeek erran dute entzuketen auzia 2007an egin ziren atxiloketekin amaitua zela uste zutela. Errege familiari zelata egiteagatik atxilotu zituzten orduan News of The World-eko bi kazetari. Entzuketek jarraitu zutela 2010ean jakin zutela erran du James Murdochek. Lehen eskandaluan Glenn Mulcaire atxilotu zuten, News of The World-ek kontratatutako detektibea. Azken urteetan Mulcairek kontratua mantendu du News International enpresarekin; bertzeak bertze, defentsarako kostuak ordaindu dizkio. Horren zergatia ez dakiela erran du James Murdochek.
Detektibeen erabilera
Aita-semeen agerraldiaren ondoren, Brooksek onartu du News of The World-ek detektibeak erabiltzen zituela, baina justifikatu du erranez hori ohiko baliabidea izan dela Erresuma Batuko hedabideetan. Brooks astekariaren zuzendaria zenean, hain zuzen, Mulcaire detektibe pribatuak lortu zuen Dowler bahitutako neskatoaren telefonoa pirateatzea. Horren berririk ez zuela erran du, ordea, zuzendari ohiak. Gertakari hori «izugarria» dela adierazi du, eta barkamena eskatu du.
Oro har, Murdoch aita-semeen jarrera imitatu du Brooksek, entzuketen inguruko informazioa zuela ukatuz, eta barkamena eskatuz. Poliziei informazioaren truke ordaindu izana ere ukatu du, eta baita hori baimendu zuela. Legez kanpoko deus ez duela egin adierazi du Brooksek. Ikerketak guztia argitzea espero duela erran du zuzendari ohiak.
Erresuma Batua. Entzuketen auzia
Erantzukizuna ukatu dute murdochtarrek Parlamentuan
'News of The World'-eko zuzendariek «engainatu» egin zutela erran du Murdochek; barkamena eskatu die biktimeiRebekah Brooks astekariko zuzendari ohiak ukatu egin du poliziei ordaindu izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu