IRAKEKO OKUPAZIOA

Eraso suizidak Bagdaden, segada Bakuban eta gudua Ramadin: 69 hildako

Berreraikuntzarako ziren 3.500 milioi dolar «segurtasunerako» erabiliko ditu Etxe Zuriak

Erredakzioa
2004ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Erresistentziaren aldera itzuli zen atzo heriotzaren pendulua Iraken, igandean Ameriketako Estatu Batuek zuzenduriko okupazio indarrek ehun hildako baino gehiago eragin ondoren: bonba-autoz eginiko eraso suzida batek gutxienez 47 hildako eta 114 zauritu utzi zituen Bagdaden erdialdean. Bakuban, berriz, 11 polizia irakiar eta haien gidari zibila hil zituzten tiroz, segada batean.

Urtarrileko bozei bidea irekitzeko, «erresistentzia abendurako suntsitzea» da AEBek abiaturiko erasoaldiaren helburua. Erasoaldi horrek Abu Musab Al Zarkauiren taldeak aldarrikatutako erantzuna izan zuen atzo, hiruburuaren mendebaldean, polizietxe nagusitik gertu. Agintarien eta lekukoen arabera, litekeena da bi izatea atzo goizean aldi berean lehertu ziren bonba-autoak. Haifa kalean dendaz beteriko gunea izan zen kaltetuena; izan ere, jomuga polizietxea izan arren, autoek ezin dute bertara hurbildu, segurtasun neurriengatik. Erasoaren helburua Poliziako kide bihurtzeko tramiteak egiteko ilaran zeuden irakiarrak ziren. Haifa kalea hilketa ugariren eskenatokia izan da azken egunotan. Igandean, 13 irakiar hil zituen AEBetako Armadako helikoptero batek kale horretan, tartean Al Arabia telebistako kazetari bat.Helikoptero berdinak ibili ziren atzo kalearen gainean, leherketak utziriko zuloaren inguruan itzulika, behin-behineko gobernuko Barne ministro Fala al Nakib bertaratu zenean. «Indarrok ez dute galaraziko Iraken berreraikuntza», esan zuen erasoaren egileak gogoan.Bakuban gertatu zen okupatzaileek eraturiko Poliziaren aurka atzo eginiko bigarren eraso handia. Bi autok bidea itxi zioten polizia talde bat zeraman autobus bati hiriaren erdialdeko kale batean. Horietatik jaitsitako erresistentziako kideek autobusean zirenak tirokatu zituzten. Bakubako erietxeko iturrien arabera, 11 polizia hil zituzten eta beste bi zauritu. Autobusaren gidaria ere hil zen tiroketan.Bagdaden bigarren eraso suizida gertatu zen arratsaldean. Bonba-autoaren gidaria hil zen ibilgailua atzerritarrak zeramatzan konboi baten aldamenean lehertarazi zuenean.Bagdad eta Bakubako erasoak bere gain hartu zituen atzo Al Kaeda erakundearekin lotzen duten Abu Mousab al Zarkauiren taldeak.Ramadi hirian borrokak izan zirela zabaldu zuen Irakeko irratiak. Guduotan gutxienez zortzi hildako izan zirela gaineratu zuen.

Etxe Zuriaren lehentasunak

Indarkeria oldea gero eta handiago, Iraken azpiegiturak konpontzeko zuzendurik zeuden 3.500 milioi dolar «segurtasuna indartzeko» desbideratzea erabaki du Washingtonek. Dirutza Kongresuak iaz onarturiko 18.400 milioi dolarreko aurrekontuaren parte bat da. Etxe Zuriko iturrien arabera, desbideraturiko diruaren zati bat petrolio ekoizpena handitzeko eta urtarrileko hauteskundeak antolatzeko erabiliko da.

Petroliaren ekoizpena eta garraioaren aurkako erasoek ez dute etenik, ordea. Atzo iparraldeko Beiji herritik gertu Tigris ibaia gurutzatzen duten petroliobideak lehertarazi zituzten. Eztandak eragina izan zuen argindar zentraletan eta herrialde osoa elektrizitaterik gabe utzi zuen.Astelehean bi australiar bahitu izana aldarrikatu zuen ordura arte ezezaguna zen Armada Sekretu Islamikoak. Iraken «desagerturiko australiarrik» ez dagoela esan zuen atzo, berriz, Camberrako gobernuak.

-

ERASOALDIA



 

Talafarko setioa amaitu dute AEBek, Turkia ez haserretzeko





Iparraldeko Talafarko biztanleei hirira itzultzeko baimena eman zien atzo Ameriketako Estatu Batuetako Armadak. Turkiaren protesta eragin zuen hiriaren aurkako erasoaldiak, bertako biztanleak turkmenak direlako gehienbat. Turkmena turkieraz mintzo den talde etnikoa da, eta gutxiengo dira Iraken. Setiaturik izan dute estatubatuarrek hiria bi astez, erresistentziako kideak bertan jaun eta jabe zirela argudiatuta. Dozenaka herritar hil dituzte bertan, eta igandean, azkenean, sartzea lortu zuten. Joan zen ostiralean erasoa gelditzeko eskatu zion Ankarak Washingtoni, eta AEBen aliatu sutsua den herrialdearen aldetik harrigarria den oharpena plazaratu zuen: erasoa gelditu ezean Turkiak AEBei Iraken inguruko gaietan ematen dion laguntza «erabat geldituko» zela esan zion Abdula Gul Atzerri ministroak Colin Powell AEBetako Estatu idazkariari. Turkiak ezinbesteko laguntza ematen die AEBei Ekialde Hurbilean. Irakeko tropak txandakatzeko Incirlikeko basea erabiltzen dute AEBetako Armadako hegazkinek, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.