'Haserretuen' mugimendua

Erasoa finantzaren gotorlekuari

New Yorkeko 'haserretuen' protestak oihartzun txikia izan du orain arte. Baina, Poliziaren jazarpenari eta ospetsuen nahiz sindikatuen babesari esker, gero eta indar handiagoa du 'Occupy Wall Street' mugimenduak.

2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
New Yorkeko haserretuen lehen deialdiak uste baino oihartzun txikiagoa izan zuen, irailaren 17an. «Gizartearen %99a gara, eta ez dugu %1 horren zekenkeria eta ustelkeria onartuko», zioten Occupy Wall Streetmugimendu jaio berriko kideek. Baina, %99 hartatik ordezkari bakan batzuk baino ez ziren bildu Wall Streeten, New Yorkeko finantzaren gotorlekuan —lehen egunean 2.000 lagun inguru elkartu ziren, eta 296 lagunek baizik ez zuten kanpatu kalean—. Denborarekin, baina, mugimendua indartzen ari da, eta larunbatean Poliziak Brooklyngo zubian 700 lagunetik gora atxilotu izanak bultzada handia eman dio. Segurtasun indarren jazarpenari esker, haserrea AEBetako beste hainbat hirietara zabaldu baita.

Manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean kapitalismoaren aurka New Yorken. Brooklyngo zubia trafikoarentzat itxita egon zen lau orduz, eta 700 lagunetik gora atxilotu zituen Poliziak, ordena publikoaren aurkako delituak egotzita. Manifestariek, baina, guztia Poliziaren tranpa bat izan zela salatu zuten, eta euren asmoa ez zela zubia hartzea. Atxilotuak ondorengo orduetan askatu bazituzten ere, AEBetako nahiz nazioarteko hedabideetan oihartzun handia izan du gertakariak, eta Bostonen, Los Angelesen edota San Frantziskon protestak egin dituzte New Yorkeko lagunei elkartasuna adierazteko.

Astebete lehenago, haserretuek antolatutako beste manifestazio batean ere liskarrak piztu ziren, eta 80 pertsona atxilotu zituzten. Gainera, zeresan handia eman du lau manifestariripiperbeltz spraya jaurti izanak. Hori dela eta Poliziaren jazarpena aurkako efektua ari da izaten; geroz eta jende gehiago atera da kaleetara haserretuei elkartasuna adierazi eta euren eskaerekin bat egiteko.

Ikusezinak, orain arte

Hedabideentzat eta klase politiko nahiz finantzariarentzat kasik ikusezinak izan dira, duela gutxi arte Wall Streetetik gertu dagoen Zucotti plazan kanpatutako gazteak. Egun gutxitan kanpamendua altxa, eta manifestariak etxera itzuliko zirela uste zuten gehienek. Haserretuek ordea, tinko eutsi diote «bidezkoagoa» izango den gizartea eraikitzeko helburuari, eta gutxika-gutxika hasierako ikusezintasun hori gainditzen ari dira. Protesta egiteko arrazoiak badituzte gainera: langabezia tasa %9tik gorakoa da, eta sei estatubatuarretatik bat—46 milioi lagun— pobrezian bizi da.

Hainbat ospetsuk —Susan Sarandon aktoreak eta Michael Moore dokumentalgileak, esaterako— manifestariekin bat egin izanak ere lagundu du protestaren ospea handitzen. Baita sare sozialen erabilerak ere, teknologia berrien bidez mugimenduarekin bat egiteko deia zabaldu baitute.

Horrez gain, iragan astean hainbat sindikatu batu zitzaizkien. Postako langileen sindikatuak —100.000 afiliatu baino gehiago ditu—, eta New Yorkeko garraio publikoarenak —38.000 kide ditu— Zucotti plazako haserretuen aldeko adierazpen publikoa egin zuten.

Etxebizitzen, hezkuntzaren eta osasun sistemaren garestitzeaz kexatu dira egunotan, besteak beste. Eta egungo sisteman «aldaketa» bat emateko herrialde arabiarretako protestak hartu dituzte eredu gisa. Aldea, ordea, handia da. Buruzagitzarik gabeko mugimendu gisa definitu duteOccupy Wall Street, eta kolore guztietako jendea batzen dutela diote. Hainbat hedabideetan, ordea, aberaskume gisa izendatu dituzte erdeinuz. Horrez gain, eskari eta helburu garbirik ez izatea ere leporatu diete. Hain zuzen, klase ertaineko gazteak dira Zucottin bildu diren gehienak. Beltzen eta hispanoen arrastorik ez da izan, orain arte. Dena den, azken egunotan izan duen bultzadarekin mugimendua zabaltzea espero dute haserretuek. Geroz eta antolatuago daudela ere badiote.

Norabide bat zehaztu ezean porrotera kondenaturiko mugimendua dela diote, aditu askok. Klase politikoa nahiz finantzaria, baina, larritzen hasiak dira haserretuek lortu duten oihartzunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.