NATOk 2014. urtea ezarri zuen Afganistandik erretiratzeko muga gisa. Ordurako herrialdeko armadak lurralde osoko segurtasuna kontrolatzea nahi dute, nazioartearen tropek borroka utz dezaten. Epea hurbiltzen doan heinean, ordea, herrialdearen ezegonkortasunak agerian uzten du ezarritako helburua betetzea oso zaila izango dela. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak askok buruan duten kezka azaldu du: «Aurrerapauso handiak eman baditugu ere, ezin daiteke baieztatu NATOren tropak Afganistandik aurreikusitako epean erretiratzea posible izango denik». Dena den, bere hitzek Alemanian sortu duten zalaparta dela eta, atzera egin du arrapaladan, eta aurreikusitako epea errespetatuko dutela esan du. «Ardurak eskualdatzeko fasean gaude jada, eta erretiratze urtea 2014a izango da».
Merkelen kezka, dena den, Afganistanen tropak dituzten nazioarteko herrialde guztietan ari da zabaltzen, AEBetan batik bat, non Afganistango gerrak geroz eta babes txikiagoa duen herritarren artean. Are gehiago herenegun AEBetako soldadu batek ustez hamasei zibil hil ondoren. Gertakariak Kabulen eta Washingtonen arteko harremana gaiztotu du, eta Barack Obamaren gobernuak bi erronka nagusi ditu trantsizio prozesuari begira. Batetik, talibanekin duen negoziazio prozesu hauskorrari egin beharko dio aurre Obamak.Bestetik, Afganistango indarrak entrenatu behar dituzte, bi urte barru segurtasunaren ardura eskualdatu nahi badute. Afganistango armadan konfiantza galtzen ari dira, ordea, eta horrek soldaduak entrenatzea zailtzen du. Horrez gain, arriskutsua ere izan daitekeelakoan daude AEBetako armadako buruzagiak, infiltratutako talibanek hainbat eraso egin dituztelako atzerriko soldaduen aurka.
Bake negoziazioak, mantso
Zibilen hilketen ondorioz talibanen artean elkarrizketei uko egiten dietenen indarra handitu egingo delakoan daude Washingtonen, eta horrek bake negoziazioak oztopatuko dituela diote. Armadako ofizial batek gertakariaren ondorioekin kezkatuta daudela aitortu du: «Beldur gara istilu guzti horiek talibanek euren mesedetan erabiliko dituztelako, afganiarrak eta euren erlijioa errespetatzen ez ditugula esanez. Hori faltsua dela badakigun arren, oso zaila da pertzepzio hori aldatzea herritarrengan».
Negoziazioak mantsoegi doaz AEBen ustetan. Talibanak Qatarren mahaiaren bueltan esertzeko eta elkarrizketen lehen urratsak abiarazteko hilabeteak behar izan dituzte, eta oraindik harremanak hasi besterik ez dituzte egin. Serio hitz egiten hasteko Guantanamon preso dauden buruzagiak aske uzteko eskatu dute talibanek. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak, berriz, talibanek indarkeriari uko egin behar diotela san du, eta Al-Qaedagandik urrundu behar dutela.
Berriki NATOren txosten batean agerian geratu da 2014an nazioarteko tropak herrialdetik alde egiten dutenean herrialdea hartuko dutela diote askok talibanen artean. Erlojuak dituzue zuek, baina guk, denbora. Hala dio Afganistango esaera zahar batek, eta talibanen estrategia, hain justu, itxarotean oinarritzen dela diote atzerriko indarrek. Nazioarteko tropak herrialdean dauden bitartean zereginik ez dutela badakiten arren, indartsu daudela diote, tropak erretiratzean berriz ere herrialdearen gidaritza hartzeko. Afganistango presoen testigantzekin osatutako txostenean bildu ditu NATOk iritzi horiek. «Afganiarrek nahiago dute talibanen erregimena gaur egungo gobernua baino, oraingoa ustelkeriak jota dagoelako», dio preso taliban batek.
2014tik haratago
Washingtonek esan du AEBen estrategia ez dela aldatu zibilen hilketen ondoren. «AEBetako tropak Al-Qaedarekin amaitzeko daude Afganistango lurretan, eta hori ez da aldatu. Gure helburua Afganistango egoera egonkortzea da, eta horretan lan egiten jarraituko dugu», adierazi du Jay Carney Etxe Zuriaren bozeramaileak. Bestalde, soldadua «bere kabuz» aritu zela nabarmendu dute Pentagonotik, izan ere, Kabulen konfiantza galtzearen beldur dira AEBak.
Urtebete baino gehiago daramate AEBek eta Afganistanek erretiratze osteko akordio bat negoziatzen. Washingtonek soldadu batzuk mantendu nahi ditu herrialdean 2014tik aurrera, «entrenatze eta gainbegiratze lanetarako». Irakekoa errepikatzea saihestu nahi du Obamak, izan ere, Nuri al-Maliki presidenteak uko egin zion gerraren ondoren Iraken geratzen ziren soldaduei immunitatea emateari. Era horretan, akordiorik gabe erretiratu zituzten tropak iazko abenduan.
Nazioartearen ondarea
2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundearen defentsarako eskubidean aitzaki hartuta herrialdea okupatu zuten AEBetako eta Erresuma Batuko tropek. Helburua Osama bin Laden eta Al-Qaedako gainontzeko buruzagiak aurkitzea eta epaitzea zela esan zuten, eta talibanen erregimena kanporatzea, Al-Qaedari babesa ematen ziola argudiatuta. Gaur egun askok uste dute George Bush orduko presidenteak bide okerra hartu zuela.
11 urteko gerraren ondoren nazioarteak ez du esperotako ondarea utziko Afganistanen. Ikerketa Estrategikoetarako Nazioarteko Institutuak egin duen ikerketan horrela deskribatu du 2015etik aurrerako Afganistan: Orokortutako ustelkeria erakundeetan, heroina produkzioaren gorakada izugarria eta kanpoko laguntzekiko dependentzia. Hori horrela, nazioarteak helburu zuen egonkortasunerako bide luzea dago egiteke. Bitartean zibilak egoera latza jasaten ari dira: iaz 2.000 lagun inguru hil zituzten. Zifrak bosgarren urtez egin du gora.
Erasoak auzitan jarri du NATOko tropen erretiratze epea
2014an soldaduak ateratzeko asmoa du aliantzak; AEBek diote hilketak talibanak indartuko dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu