Gaur eraman dute epailearen aurrera Anders Breivik, ustez ostiralean Oslon eta Utoya uhartean (Norvegia) 93 pertsona hil zituen ultraeskuindarra, eta Poliziari esan bezala epaileari ere erasoak berak egin zituela aitortu dio. Epaileak terrorismo delituak leporatzen zaizkiola jakinarazi dio. Le Monde egunkariak dio 21 urteko espetxe zigorra ezarri diezaioketela.
Epailearen aurrean esan duenez, gazteak alderdi laboristan sartzea eragotzi nahi zuen erasoekin. Orain arte hildakoen kopurua 93 zela zabaldu den arren, Poliziak gaur goizean jakinarazi du gutxiago izan litezkeela. Utoya uhartean gorpuen bila jarraitzen dute. Bitartean, goizean milaka norvegiarrek minutu bateko isilunea gorde dute biktimak gogoratzeko.
Erasoen ondoren atxilotu zuten Breivik, eta bere gain hartu dituenez, erasoak zergatik burutu zituen azaltzera joan da epailearengana. Segurtasun neurri zorrotzen artean deklaratu du. Behin behineko atxiloaldia luzatu egin dute Breivikentzat. Atxilotua eskuin muturrarekin lotu dute, batik bat komunismoaren eta islamaren aurkako ideologiarekin.
Bere abokatuak esan du ideologia horrek eraman duela erasoak egitera: "Politikoki aktiboa da eta jabetu zen politikaren herraminta tradizionalekin ez zuela aurrerapausorik ematen, eta indarkerira jo zuen", esan du Geir Lippestad abokatuak. Bere jomuga Utoyan Norvegiako lehen ministro ohia zela esan du.
Abokatuaren arabera, lasai eta argi mintzo da ustezko hiltzailea. Breivikek esan omen dio erasoak "izugarriak" izan direla "baina beharrezkoak". Horregatik, ez duela zigorrik merezi uste du. Uniformearekin nahi zuen deklaratu gaur, baina ez diote utzi.
Poliziari jakinarazi dionez, gaurko epailearen aurreko bere agerraldia publikoa izatea ere nahi zuen. Poliziak, ordea, ateak itxita izatea eskatu du, eta hedabideek ezin dute Breiviken irudirik hartu. Oraingoz ez dago beste norbaitek erasoen prestaketan parte hartu zuelako susmorik, baina beste pertsona bat atxilotu dute ustez Breiviki Internetez kimika gaiak saldu zizkiolekoan.
Norvegian Poliziarengako lehen kritikak piztu dira, hala ere. Dirudienez, alarma piztu eta oso berandu joan zen Polizia Utoya uhartera, eta han zegoela ere, 20 minutu inguru behar izan zituen Breivik harrapatzeko.